Berako Udalak frankismoko hainbat plaka kendu ditu herriko etxebizitza batzuetatik

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 12a, 07:22
Kendutako plaketako bat, Bidasoa karrikako etxebizitza baten ateburuan.

Guztira 5 plaka kendu dira Bidasoa eta Kanttonberri karriketan

Azken urteotan, Euskal Herriko herrietan hainbat neurri hartzen ari dira 1936ko kolpe militarraren biktimei errekozimendua emateko. Horietako neurri bat sinbologia frankista kentzearena da, espazio publikoaren demokratizazioaren helbururekin (laureadak, eroritakoei dedikatuko plakak, oroitzapenezko aipamenak, etab.). 

Horren harira, Nafarroan foru lege bat sortu zuten 2013an, Kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematen zuena. 

2016an egin zen sinbologiaren erroldaren arabera, Agerran eta Bidasoa eta Kanttonberri karriketan oraindik baziren horrelako plakak. Agerrakoak duela hilabete batzuk kendu zituzten bertako bizilagunek eta Bidasoa eta Kanttonberri karriketako etxebizitzetakoak azken asteetan kendu ditu Berako Udalak.

Plaka horiek garaiko Etxebizitzaren Institutu Nazionalak (Instituto Nacional de Vivienda; INV) paratu zituen. Erregimen frankistak institutu hori sortu zuen herrien hazkunde fisikoa kontrolatzeko, bai eta garapen zehatz bateko eredu sozial bat sustatzeko ere, FET eta JONSen mende zegoena. Hala, diktaduraren azken urteetan etxebizitza multzoak eraiki ziren, eta Sindikatuen Ordezkaritza Nazionalaren eta Institutuaren ikurrak zituzten letreroak paratu ziren bertan (Horietan Falangek erabiltzen zituen ikurrak agertzen dira: uztarria eta geziak).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun