Berako XV. Mendi Maratoi Erdia apirilaren 14an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 10a, 06:55

Oier Ariznabarreta sesgaren garaipena segidan lortzeko asmoz aterako da Beran.

Hamabosgarren urteurrena haurren lasterketarekin, dokumentalarekin eta solasaldi batekin ospatuko du Manttalek asteburu osoan 

Manttalek apirilaren bigarren asteburuan Berako Mendi Maratoi Erdiaren 15. urteurrena ospatuko du, ortziralean hasi eta igandean bukatuko diren hainbat ekintzarekin.

Apirilaren 12an, ortziralea, 19:30etik aitzinera, Berako kultur etxean Josep Serra eta Ibon Cormenzanaren ‘El hombre que empezó a correr’ dokumentalaren emanaldia eginen dute. Filmak Cormenzanaren prestakuntza erakusten du Montblanc-eko Ultra Trail-erako, baina aldi berean Etiopian ur edangarria lortzeko putzuak sortzen ari den proiektu sozial baten garapena kontatzen du. Sarrera doakoa izanen da, baina borondatez emandako dirua jasoko da putzu hauen eraikitzean laguntzeko.

Ekintzek larunbat arratsaldean segituko dute Matzada futbol zelaiaren inguruan eginen diren haurren lasterketekin. Izen ematea, doakoa, Manttaleren webgunean egin daiteke (www.manttale.com) eta aldez aurretik apuntatzen diren guztiek poltsa bat jasoko dute opari eta oroigarri batekin. Lasterketak 16:00etan hasiko dira eta adinen arabera banatuko dira hauen luzerak.

Larunbat arratsaldean ere kultur etxean, 19:00etan, Iker Karrera mendi korrikalariaren solasaldia izanen da. Amezketako atletak goi-mailako txapelketak utzi zituen joan den urteko abuztuan, baina palmares zabala du hainbat ultra trailetan lortutako garaipenekin, bertzeak bertze, 330 km luze den Tor des Geants mitikoa, eta Montblanc-eko Ultra Trailean zenbait podio izanik.

Solasaldia Unai Ugartemendia kazetariak moderatuko du “Eta zergatik ez dena kontatu?” titulupean.

 

Oier Ariznabarreta faborito

Igandean, Berako Mendi Maratoi Erdiaren 15. edizioa ospatuko da. 525 dortsalak 8 ordutan bukatu ziren, eta beraz bertze urte batez inskripzioen kupoa bete da. Oier Ariznabarreta, duela gutxi izan zen Sara Korrikaren irabazlea, bere seigarren garaipen segidan lortzen saiatuko da, aurtengo edizioan parte hartuko duten Beñat Katarain, egungo Nafarroako Mendi lasterketa zirkuituaren irabazlearen, eta zenbait urteren ondotik Berara bueltatuko den Walter Becerra-ren aitzinetik. Emakumezkoen kategorian, Oihana Kortazar bueltatuko da, 2009, 2011 eta 2013an irabazle izandakoa, eta azken Donostia-Hondarribia Talaia Bidearen irabazlea. 

Bertze urte batez parte hartuko duten emakumeen errekorra hautsiko da, 70 baino gehiagorekin, eta hauetatik 10 Berakoak izanen dira.

 

Gazte Traila igandean

Manttalek Gazte Traila antolatuko du bertze urte batez, 14 eta 17 urte arteko gazteentzat.

Froga, 6 kilometro eta 460 metroko desnibelarekin, maratoi erdiko irteeraren ondotik hasiko da, eta bukaera Ibardingo meta bolantean izanen du. Korrikalariak Berara bueltatu ahal izanen dira antolakuntzak jarritako furgonetetan. Izen-ematea, 5 euroren truke, lasterketaren egunean bertan egin ahal izango da Berako kiroldegian.

 

Lyme gaixotasunaren elkartearekin elkarlana

Manttalek Berako Mendi Maratoi Erdiaren eguna erabili nahi du Lyme eritasunaren aurka borrokatzen ari diren gaixo eta familiarrei elkartasuna luzatzeko.

Korrikalari guztiek poltsan triptiko bat jasoko dute gaixotasun hau saihesteko aholku eta jarraibideekin, gainera izen emateen mahaian informazio gehiago kontsultatu ahalko da. Aldi berean, egunean bertan Euskadiko LYME gaixotasunaren elkarteak stand bat jarriko du irteera ate helmuga eremuan, eritasun honi buruzko informazioarekin.

Manttalek mendi inguruan ekintza aunitz egiten dituenez, eta Lyme gaixotasuna horrelako lekuetan har daitekenez, ideia ona iruditu zaie jende askorentzat ezezaguna den eritasun hau dituzten gaixoak eta haien familiak laguntzea.

 

Boletoen salmenta

2018an bezala, aurten ere Isabako Txapatera landetxean lau pertsonentzako asteburuaren zozketarako boletoak salduko dira. Boletoak 2 eurotan, Agara Prentsan, Pikabea Harategian eta Botxo ostatuan erosi ahalko dira. Lasterketaren asteburuan dortsalen bilketaren gunean ere salduko dira.

 

Lasterketa ikusteko ibilaldiak

Lasterketaren egunerako bi ibilaldi antolatu dira korrikalarien ibilera ikusteko. Lehenengo ibilaldia 08:30ean aterako da irteera gunetik Larun aldera, eta 14 kilometroko luzera izanen du. Ordu erdi beranduago, 09:0e0tan, bigarren ibilaldia irtengo da, Landagaitara, 10 kilometrokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun