Herriko taldeak eta elkarteak omendu dituzte Arantzako IV. Trikitixa Jaialdian

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 9a, 08:30
Omendutako taldeetako ordezkariak.

Jendetza elkartu zen apirilaren 6an Arantzako frontoian, Udaleko Kultura Batzordeak antolatutako laugarren trikitixa jaialdian. Arantzako, Berako, Lesakako eta Malerrekako trikitilari eta panderojoleak elkartu ziren, eta horiekin batera Lezoko dantzariek aski saio txukuna eskaini zuten.

Arantzako trikitilariak izan ziren saioari hasiera eman ziotenak, eta horien ondotik, Mendaur Trikitixa Eskolako taldeen txanda izan zen. Berako Isidoro Musika Eskolako musikariek ere ez zuten hutsik egin, ezta Berako Irats Trikitixa Eskolako ikasleek ere. Lesaka Trikitixa Eskolako ikasleen saioak borobildu zuen trikitixa jaialdia. Aurten estreinakoz, Lezoko dantzariak gonbidatu zituzten eta bildutako jende oldearen gozamenerako hankak ederki astintzen dituztela erakutsi zuten. Olatz eta Jaione Irigoien Arantzako trikitilari eta panderojolea arduratu ziren dantzariei musika jartzeaz.

Musikarien eta dantzarien saioen tartean, Kultura Batzordeak herriko talde eta elkarteak omendu zituen, urtez urte herriaren alde musu-truk egindako lana eskertzeko. Ekaitza Elkartearen izenean Markel Jorajuriak, Gazte Asanbladaren izenean Jaione Maziziorrek, Emakumearen Memoria Taldearen izenean Aitziber Almandozek, Zahar Txoko jubilatuen elkartearen izenean Camino Ordokik eta Guraso Elkartearen izenean Aintzane Iturriak oroigarria eta lore-sorta hartu zituzten Igor Ugalde kultur zinegotziaren eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun