Irrisarri Land I. Disc-Golf txapelketa jokatu dute larunbatean Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 8a, 14:00

Nafarroako lehenbiziko disc-golf zelai homologatuak hartuko duen estreineko jardura izan da.

IrriSarri Land I. Disc-Golf txapelketa jokatu dute apirilaren 6an, larunbatean. Lehiaketa honekin abiatu da Igantziko disc-golf zelaiko jarduna; kirol horretarako Nafarroako lehenbiziko zelai homologatu hori da aurten parkeak eskaintzen dituen berrikuntza nabarmenetako bat. Txapelketara bertaratu dira Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, Juankar Unanua, Igantziko alkatea eta disc-golfaren sustatzailea Andoni Zenarruzabeitia eta Koldo Toribio, Euskadisc Golf-eko ordezkariak ere.

Larunbateko txapelketa MPO eta junior mailan jokatu zuten eta Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako disc-golf klubetako jokalariak izan ziren, tartean Miguel Caparrós eta Carlos Ortega, aurtengo eta iazko Espainiako txapeldunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun