Xabat Illarregi leitzarrak irabazi du Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 8a, 12:00
Xabat Illarregi Marzol txapela jantzi ondotik.

Joan den ortziralean, Arantzako eskolan jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketa. Hamabortz bertsolarik parte hartu zuten, eta iaz bezala, leitzarra nagusitu zen. Bigarren Berako Ekhiñe Zapiain gelditu zen eta biak izanen dira ekainaren 8an Saran eginen den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan Nafarroa ordezkatuko dutenak. Entzuleen saria, berriz, Etxahun Azkarraga etxalartarrak eskuratu zuen.

Ehun lagunetik goiti bildu ziren ortzirale arratsaldean Arantzan hamabortz bertsolari hauen saioa entzuteko: Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain). Josu Sanjurjo lesakarra aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile lanetan eta Saioa Mitxelena, Amaia Telletxea eta Julen Zelaieta epaile lanetan.

Gai orokorrari bertso bat, lau oinak emanda bertze bat eta hitz bana emanda bertze bertso bat kantatu ondotik, lau bertsolari pasatu ziren bigarren fasera: Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika eta Xabat Illarregi. Bigarren fase honetan, zortziko ttikian eta koplatan aritu ziren lau bertsolariak, eta bi sailkatu ziren buruz burukora, Zapiain eta Illarregi.

Puntuari erantzun eta bakarkako gai bati kantatu behar izan zioten bi bertsolariek azken fase honetan, kartzelako ariketan. Azkenean, Xabat Illarregik bildu zituen puntu gehien, eta horrenbertzez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Bigarren aldiz jantzi zuen txapela Illarregik, iaz ere hala egin baitzuen. Berak eta txapeldunordeak, Ekhine Zapiainek, Nafarroa ordezkatuko dute ekainean Saran eginen den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren eskutik jaso zuen txapela. Entzuleen saria, berriz, bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bertzelako baloreak eskertuz, Etxalarko Etxahun Azkarragarentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun