Joseba Lasa lesakarrak eta Lizasok eraman dute pilota egokituko Master Cup txapela

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 8a, 07:32

Aulki gurpilduneko final estuan 25-24 irabazi zieten Navaridas sunbildarrari eta Etxezarretari 

Hunkigarria  izan da apirilaren 7an Beasainen bizitakoa. Antzizar pilotalekuko kantxan emozioa nagusi eta harmailak beteta, irudi ederrak utzi dituzte finalek. Esnal-Sagarmendi eta Laso-Lizasok jantzi zituzten II. Master Cup EPE Irekia pilota egokituko txapelketako txapelak. Kirol egokitua plazara ateratzea zen txapelketaren helburuetako bat eta festa itxura hartu zuen finalean, ikusle bat baino gehiago harrituta geratu zen kirolariek erakutsi zuten gaitasunarekin.

Adimen urritasuneko mailan argi geratu zen txapelketaren lehiakortasunak, kameren presioak eta goraino bete zen pilotaleku baten presioak kirolari hauei ere eragiten diela. Horixe izan zen Iraitz Huegunen kasua. Donostiarrak sekulako joa eta dohainak ditu, baina egun handienean nahi baina huts gehiago egin zituen eta ezin izan zuen iaz lortutako garaipena errepikatu. Leire Esnalek eta Eneko Sagarmendik, aldiz,  partida sendoa jokatu zuten. Partidaren hasiera orekatua izan zen, bederatzinako berdinketara ailegatu arte. Hortxe hasi ziren Iraitz Huegunen komeriak, kaleak pilatzen hasi zen eta gainera partidatik erabat atera zuten arazoak izan zituen bere oinetakoekin. 9-17koan hartutako atsedenaldiak balio izan zion apur bat baretu eta erreakzio ttiki bat izateko, baina Esnal-Sagarmendik ederki eutsi zioten eta merezitako garaipena eskuratu zuten (17-25).

Gurpildun aulkiko finalean, pilotazaleak txundituta geratu ziren, kirolariek euren aulkiak dantzatzeko eta pilota jotzeko erarekin. Ziur igandekoa lehen aldia izan zela ikusle aunitzentzat eta ziur ez dela azkena izanen, pilotarien mugimenduen plastikotasunak bat baino gehiago harrapatu zituen eta. Finalak, gainera, halakoetan horrenbertze eskertzen den lehiakortasuna izan zuen, hasi eta buka, alde batera zein bertzerako aldeekin. Hemen ere tentsioa ikaragarri antzeman zen azken tantoetan, bikote bakoitzak falta bat ere egin zuen sakez, baina azkenean partidaren gehienean aitzinetik joan ziren Joseba Lasa lesakarrak eta Beñat Lizaso usurbildarrak lortu zuten garaipena, partida bikaina jokatu zuen atzelari usurbildarrak gibelean egindako tanto bikain bati esker (24-25). Javier Etxezarreta donostiarrak eta Asier Navaridas sunbildarrak ere final bikaina jokatu zuten eta garesti saldu zuten txapela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun