Berako bestetako egitaraurako azal-lehiaketarako lanak maiatzaren 31rako aurkeztu behar dira

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 28a, 20:00

Lanek bestetako giroa islatu behar dute.

Ortziralean bukatuko da lanak aurkezteko epea

Berako bestetako egitaraurako azal lehiaketa deialdia egin du Berako Kultur Batzordeak. Lanak maiatzaren 31ko 13:30 arte jasoko dira, Herriko Etxeko bulegoetan. Beraz, ortziralera bitarteko epea dute lanen bat aurkeztu nahi dutenek.

Lehiaketa irekia da, hau da, nahi duenak parte hartu ahal izanen du lehiaketan eta nahi bezainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Lanek Berako bestetako giroa islatu beharko dute eta azalean 'Berako Bestak 2019' testua agertu beharko da. Era berean, azalak ezin izanen du bertzelako testurik eraman.

Argazkiak edo irudiak kolorezkoak izan behar dira eta paperean aurkeztuko dira, bertikalki 18x27 zentimetroko neurrian eta euskarri sendoan.

Gaia, estiloa eta teknika librea izanen da eta lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Bertzela erranda, ezin izanen dira bertze lehiaketaren batera aurkeztu eta ezin dira bertze inoren lanak kopiatu.

Lanen gibelean goitizen bat baino ez da paratuko (izenak dituzten lanak ez dira onartuko) eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barruan, orri batean, ondoko datuak agertu beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta kodea, herria eta probintzia, telefonoa eta posta elektronikoa.

Lehiaketan edonork parte har dezake eta estiloa erabat librea da

Saritutako lana Udalaren esku geldituko da iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu, betiere egiletza aitortuko da. Lanak ez dira itzuliko eta sarituak izan ez direnak bestetako programan erabiltzeko edo erakusketa egiteko eskubidea bere egiten du Udalak.

Saria bakarra izanen da. Irabazleak 400 euro jasoko ditu (%15eko PFEZ atxikipena ezarriko zaio). Epaimahaiak hala erabakiko balu, lehiaketa hutsik geldi daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun