Berako Argaitzeko harrobia izanen da Nafarroako Memoria Historikoaren Tokietako bat

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 5a, 17:00
Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoan dago Fernando Mikelarena, Berako historialaria ere.

Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoak bere oniritzia eman dio lehen zerrendari eta Nafarroako Gobernuak dagoeneko lantzen ari dituen bertze zazpi tokiak ezagutu ditu

Sartagudako Memoriaren Parkea, Otsoportilloko leizea, Olabeko hobia, Igari eta Bidankoze arteko errepidea, Erreniegako hobietako memoriala eta emakumearen errepresioaren memoriarako Azkoienen dagoen eskultura Nafarroako memoria Historikoaren toki bezala erregistroan Behin Betiko inskribatzeko Memoria Historikoaren Koordinazio Batzorde Teknikoak bere informea onartu zuen apirilaren 4an.

Horiez gain, Nafarroako Memoriaren Insitutua bertze zazpi toki izendatzeko lanean hasia da: Monrealgo Tejeriako hobia, Kadereitako Valcarderako hobia, GR-225 Ezkabako ihesaldia, Iberoko Hiru Gurutzetako gaineko hobia, Etxauriko memoriaren parkea, Germanen Rodriguezen omenez egindako oroitarria eta Gogoan eskultura eta Berako Argaitzeko harrobia.

Berako Argaitzeko harrobian guttienez 130 lagun hil zituzten, gehienak Gipuzkoatik ekarriak. Horrela, 1936ko kolpearen ondoko errepresioaren ondorioz Nafarroan pertsona gehien hil zuten lekua izan zen. Berako Udalak proposatu du izendapena. Aipatzekoa da Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoan dagoela Fernando Mikelarena, Berako historialaria ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun