Aurkeztu zure burua.
Natura maite duen euskaltzale aranztarra naiz.
Zer zaletasun dituzu?
Liburuak irakurtzea, bertsoak aditzea, mendira joatea... gustatzen zait. Inguruan paraje ederrak ditugu eta lasaitasun bila joaten naiz. Malda aunitz ditugunez abiatzea kosta egiten zait baina abiatu ondotik gustura ibiltzen naiz. Mahai-inguruan ere gustura egoten naiz (irriz).
Euskaltzalea zarela aipatu duzu...
Ttikitatik ikasi edo jaso dudana izan da, nire parte da. Altxor ederra dugu.
Kirola eta euskara uztartzen duen Korrika ekimena ate joka dugu...
Lanak uzten badit, dudarik gabe parte hartuko dut. Korrika Batzordean nago eta bileretara joaten naiz. Bertzeak bertze, kilometro erosleak bilatzea, komertzio eta ostatuetan Korrika lagunak lortzea, kilometroak markatzea eta materiala saltzea izaten dira gure egitekoak.
Nolakoa da euskararen egoera Arantzan?
Nahi baino kaxkarragoa, eta gero eta okerragoa dela ikusten dut. Orokorrean, Bortzirietan maldan beheiti doan afera dela iruditzen zait. Euskararen arnasguneetako bat den arren, kalitatea aunitz jautsi da eta izugarrizko tristura ematen dit horrek.
Kalitatearen gabezia aipatu duzu...
Bai. Bereziki haur eta gazteen erabilera traketsa da. Gaztelerazko hitzak, esaldien osaera, egiturak, azentua... ibiltzen dituzte. Gazteleraz gaizki solastatzean alarmak pizten dira, euskaraz, aldiz, edozein modutan solasta daitekeela ematen du. Ezin da orokortu baina kontzientzia falta dago... Euskarak hori baino gehiago merezi du!
Zein aholku emanen zenieke herritarrei?
Euskarak gu bertzerik ez gaituela, euskaldunak alegia, eta... zaindu maite duzun hori!
Zer du Arantzak bertze herriek ez dutena?
Plazan musika dagonean dantza-giro ederra duela erranen nuke.
Zer falta zaio?
Birziklapen gehiago eta aparkatzeko tokiak errespetatzea.
Inguruko txokorik ederrena?
Herriko kaxkoren batera igoz gero, edozein.
Amets bat?
Euskal Herriko edozein txokotan euskara ederra aditzea.