Nafarroako lauko sokatira txapelketa hasiko da larunbatean Txantrean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 5a, 14:00

Gaur egungo txapeldun da Beti Gazte taldea.

Lesakako Beti Gaztek taldeak izanen ditu gizonezkoetan, emakumezkoetan eta mistoan

Aurten, hamalaugarren aldiz Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa jokatuko da. Apirilaren 6an, larunbat goizeko 11:30ean jokatuko da lehenbiziko saioa Txantrean. Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Gzonezkoen 320 eta 300 kiloko kategorietan lehiatuko da, talde banarekin; emakumezkoen 255 eta 235 kategoietan, bina talderekin eta txapelketa mistoan ere (280 kilo) bi laukote aterako ditu.

Larunbat goizeko lehen saioari dagokionez, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dituzte.

Gizonezkoei dagokienez, 320 kiloko kategoria horretan, Beti Gazterekin batera, Txantrea, Antsoain eta Berriozar ariko dira. Emakumezkoen 255 kilokoan, Lesakako bi taldeekimn batera, Txamtrea, Kaskallueta, Antsoain eta Berriozar izanen dira.

Txantreakoaren ondotik, txapelketako bigarren saioa Lesakako pilotalekuan jokatuko da apirilaren 13an, 18:30ean. Gizasemeen 320 kiloko eta emakumeen 255 kiloko bigarren jardunaldiak jokatuko dira eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finala.

Maiatzaren 11 edo 12an, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumeen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia jokatuko dituzte. Kadetetan ez dago eskualdeko ordezkaririk. Maiatzaren 18an, Antsoaingo pilotalekuan 18:00etam, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiak eta lehen bi sailkatuen arteko finalak eta kadeteen bigarren jardunaldia jokatuko dute.

Maiatzaren 25ean, azkenik, Berriozarko Eguzki plazan, txapelketa mistoa jokatuko dute jardunaldi bakarrean, 280 kiloko kategorian eta kadeteek hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun