Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketa abiatu da

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 4a, 14:00
Lesakako historiari eta bertze hainbat arlori buruzko 30 galdera erantzun beharko dute neska-mutikoek.

30 galdera egin dizkie Beti Gaztek herriko umeei eta apirilaren 30a baino lehen bidali behar dituzte erantzunak

Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek herria hobe ezagutzeko helburuarekin aurten ere Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketa proposatu du Beti Gaztek, Lesakako Udalaren laguntzarekin. Herriari buruzko 30 galdera egiten zaizkie eta erantzun-orria apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute Irain Eskola publikoan, Tantirumairu ikastolan edo Beti Gazte elkartean. Ez da derrigorrezkoa galdera guziei erantzutea.

Ikasleak hiru mailatan banatuko dira. A mailan, 1. eta 2. kurtsoko ikasleak sartu dira; B mailan, 3. eta 4. mailako ikasleak eta C mailan, 5. eta 6. mailakoak. Hiruetan sari berdinak izanen dituzte: lehenbiziko saria 40 eurokoa izanen da, bigarrena 35 eurokoa, hirugarrena 30 eurokoa eta laugarrena 25 eurokoa.

Sarietan ez da dirurik emanen, material didaktikoa erosteko txartelak baizik. Berdinketa gertatuz gero, zozketa publikoa eginen da.  Maila guzietako hoberenari sari berezia bat ere emanen zaio. Gainera, 12 galdera baino gehiago erantzuten duten guzieri saritxoak emanen zaizkie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun