Etxea ikasgela bihurtzen denean

G.PIKABEA 2019ko api. 7a, 10:00

Gaixotasunagatik luzaroan ikastetxera joan ezin duten ikasleek etxean ikasketekin segitzeko aukera izaten dute. Horixe da Leire Pagadizabal lesakar gaztearen kasua. Akademikoki ez ezik, psikologikoki ere ona dela diote horretan ari direnek

Ibiltzera joatea, kozinatzea, musika aditzea eta pelikulak ikustea atsegin du Leire Pagadizabal Igartzabal lesakarrak. Baita bidaiatzea ere. 17 urterekin munduko bazter franko ezagututakoa da. Hain zuzen, bidaia horietako batean zela diagnostikatu zioten tumorea. Joan den urtean izan zen, Los Angelesera (AEB) ingelesa ikastera joan zenean. Lehenagotik ere bazuen oinazea, «bizkarreko minarekin hasi nintzen eta ziatika zela erraten zidaten», adierazi digu. Mina jasanezina bihurtu zen AEBetan zela, eta «tumore bat harrapatu zidaten». Etxera itzulita, Donostiako ospitalean, «bizkarrezurrean Ewing sarkoma nuela erran zidaten». Operatu ondotik jakin zuen tumorea gaiztoa zela eta minbizia zuela, eta kimioterapia eta erradioterapia saioekin hasi behar izan zuen.
Urte erdia baino gehiago pasatu da geroztik, eta tratamenduak tratamendu, «hagitz ongi» dagoela aitortu digu, «ez dut ondorio handirik izan». Are gehiago, irria ezpainetan ilusioz ikusi dugu: «tratamendua maiatzean akabatuko dut eta uda hor dagoenez, arrunt kontent nago».  

Urritik eskolak etxean

«Minbiziaren notizia jasotzea baino gogorragoa egin zitzaidan eskolara ezin nuela joan onartzea». Halaxe aitortu digu. «Lagun guztiak eskolara joanen zirela ikusten nuen, eta nik ez nekien nolakoa izanen zen nire urtea». Baina hasierako kezka haiek ederki aldendu zaizkio. Joan den urriaz geroztik, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza-arreta etxean jasotzeko zerbitzuari eta Berako Toki Ona institutuak egindako bitartekaritza-lanari esker, etxean jasotzen ditu eskolak eta «hagitz gustura» dabil.

«IRAKASLE BAT ONDOAN IZATEA GOZAMENA DA»

Leire PAGADIZABAL,ikaslea
Bigarren batxilergoa

Bigarren batxilergoan ari da Pagadizabal eta tratamendua jasotzen ari bada ere, ikasketak ez ditu bazterrean utzi. Toki Ona institututik joaten zaizkion bi irakaslerekin ikasten segitzen du etxean. Jaione Inda doneztebarra da irakasle horietako bat. Gaixo dagoen ikasle bati etxean klaseak ematen ari den «lehenbiziko aldia»  du eta «esperientzia ona» izaten ari dela aitortu digu: «erakustera joaten naiz, baina aldi berean, ikasten ari naiz». Gehiago ere kontatu digu: «Leirerekin erraza izaten ari da, bidea erraztu egiten du».  
Toki Ona institutuko orientatzaileak egin zion proposamena: «irailean, ikasturtea hasi genuenean, lanaldi osoan ari ez nintzenez, Lesakan arreta behar zuen neska bati eskolak emanen ote nizkion galdetu zidan eta bi aldiz pentsatu gabe, baietz erran nion». Ingeleseko irakaslea da bera eta ingelesaz eta Pagadizabalek aukeratua duen hautazko ingelesaz gain, euskara eta gaztelania irakasgaiak ematen dizkio. Bertze irakasleak, berriz, matematika, filosofia, enpresa eta administrazioa erakusten dizkio. Funtzionamenduari dagokionez, «irakasgai bakoitzeko irakaslearekin harremanetan jartzen» direla kontatu digu Indak: «irakasleek materiala ematen digute eta guk prestatu eta ikasleari ematen diogu. Irakasleak etxera joaten ez badira ere, gainean daude eta elkarlan bat da».

Tratamenduaren arabera

Astean irakasle bakoitzarekin launa ordu pasatzen ditu lesakar gazteak eta jaso behar dituen kimioterapia eta erradioterapia saioen eta egin behar dituen analisien arabera antolatzen dituzte eskolak.    
Bigarren batxilergoa «urte zaila» dela azpimarratu du Indak. Bere irudiko, «maila baxuagoetan errazagoa da eskolako martxarekin segitzea» baina bigarren batxilergoan «zailagoa da, dena agudoago doalako. Azken urtea da, maiatzerako akitzen dute eta ez dute arnasteko astirik». Hori ikusita, Pagadizabalek bi urtez atera nahi du batxilergoko bigarren urtea: «aurten ahal ditudan irakasgai guztiak gainetik kendu nahi ditut, heldu den urtean lasaiago hartzeko», dio lesakarrak. Ikastea «normalean sobera gustuko ez» duela onartu digun arren, gogotsu ari da eta ospitalean egotea tokatzen zaionetan ere serio hartzen du: «etxeko lanen bat baldin badut beti ospitalera eramaten dut, denbora luzez egoten naizelakoz».
Indak, bere aldetik, «ikastetxearen aldetik ahalik eta aukera gehien ematea garrantzitsua» ikusten du. Horregatik antolatu dituzte bertze era batera Pagadizabalen ebaluaketak: «ikastetxean daudenek azaroan akitu zuten lehenbiziko ebaluazioa eta Leirek abenduan, bigarrena berez otsailean akitu zen eta Leirek apirilean eginen du, eta hirugarrena bertzeek maiatzean akituko dute eta Leirek ekainean».

Eskolak etxean hartzea «sistema eraginkorra» dela uste du Indak eta «ez akademikoki bakarrik». Bere hitzetan, «psikologikoki ere» halaxe da: «bertze gauzetan okupatuak mantentzen ditu eta kanpotik norbait etortzea ona da beraiendako». Horrez gain, etxeko zerbitzuarekin, eskolak ikastetxean baino «gehiago aprobetxatzen» direla dio irakasleak baina «tratamendua dela eta, gaia gehiago luzatzen ahal dela» ohartarazi du. «Ezin da epe luzerako planik egin».

«IKASLEAREKIN HARREMAN BEREZIA SORTZEN DA»

Jaione INDA, irakaslea

Lotura berezia

Etxean eskolak emanez ikaslearekin sortzen den harremana ere azpimarratzekoa da doneztebarrentzat: «ez da eskolan gainerako ikasleekin sortzen den harremana bezalakoa; zerbait bereziagoa sortzen da. Ikastetxean daudenekin gehiago egoten bagara ere, etxean aurrez aurre gaude eta ez dugu eskolako kontuez bakarrik solas egiten». Eta horixe da, hain zuzen, Indarentzat, bere lanaren «alderik politena: ikaslearekin sortzen den konplizitatea eta konfiantza». Familiarekin ere «harreman ona» duela kontatu digu: «aunitz egoten gara eta harreman zuzena dugu; edozein gauza dela ere nire zenbakia eskura dute». Bide beretik jo du Pagadizabalek, «hagitz gustura» dagoela aitortu baitigu, «irakasleekin konexio ona» duela erranez. Are gehiago, azterketetan irakaslea ondoan egoteak urduritasun puntu bat sortzen diola onartu badu ere, «ikasterakoan irakasle bat laguntzeko ondoan izatea gozamena da». Ez daki oraindik gerora zer ikasiko duen, baina «zailtasunak dituztenekin hagitz ongi» moldatzen dela eta, akaso bide hori aukeratuko duela kontatu digu.

Eta udan Irlandara!

Maiatzera arte tratamenduarekin segituko duenez, ikasturte osoan etxean jasoko du irakasleen bisita. Udan, ordea, ez du etxean gelditzeko asmorik; minbizia duten haur eta gazteentzat eta haien senideentzat Irlandan, Wicklow mendien magalean dagoen gazteluan, antolatzen duten Barretstown kanpaldian parte hartzekotan da: «uztailaren 19tik 27ra Europako hainbat bazterretako haur eta gazteak Irlandan elkartuko gara». Denaren gainetik bizipoza eta ilusioa. Horixe da lesakarrarengan sumatzen dena eta horixe da transmititzen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun