Udaberriko bestak ortziraletik astelehenera ospatuko dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 14:00
Aurten ere hainbat ekitaldi izanen dituzte Igantziko Udaberriko bestetan.

Tailerrak, musika eta dantza, ikuskizunak, mendi-buelta, zinema-emanaldiak... izanen dituzte, Korrika Ttikirekin hasi eta Korrikarekin bukatuko diren ospakizunetan 

Apirilaren 5etik 8ra bitarte besta giroan murgilduko da Igantzi. Urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute herriko hainbat eragilek: Guraso Elkarteak, Udalak, Biltokik, Biltoki Ttikik, dantza taldeek eta zenbait herritarrek.

Ortziralea, apirilak 5

Ortziralearekin hasiko dira Udaberriko bestak, Korrika 21 aprobetxatuz. Helduek eta txikienek parte hartuko dute Sarrolan 15:30ean abiapuntu duen Korrika Ttikian.18:00etan Biltokin eginen duten pizza-tailerrarekin eta Elizatean eskainiko den zinema-emanaldiarekin (12-18 urtekoentzat) hasiko dira bestak. 20:00etan, Barry Manleyren eskutik, umorezko bakarrizketa izanen dute Eskolazarren; eta 22:00etan mus-tximista Biltokin.

 

Larunbata, apirilak 6

12:00etan Igantziko gaita ikasleak herrian barna ibiliko dira. Ondotik, kantu-poteoa eginen dute Hurih bikotearekin eta 14:30ean mahai-inguruan bilduko dira, kantu bazkarian. 16:30ean haurrentzat eskulan-tailerra izanen dute eta berendua frontoian. 19:00etan kankailuek, buruhandiek eta Baztango dantzariek hartuko dituzte karrikak. 20:30ean muxikoak dantzatuko dituzte.

 

Igandea, apirilak 7

08:30ean mendi-buelta gidatua eginen dute, plazatik abiatuta San Juan Xar eta Errota ingurura joanen dira. Eguerdian euskal musikak girotutako aperitiboa hartuko dute, Maider eta Ixiarrekin eta arratsaldean haur, gazte eta helduentzat zinema-emanaldiak izanen dituzte, 16:00etan (Heroi Txikiak), 16:30ean (Paperezko hegazkikan) eta 18:00etan, hurrenez hurren. Azken horiek Dantza filma ikusi ahal izanen dute.  Emanaldiak musu-truk dira baina ikusleek gastuei aitzin egiteko borondatea emateko aukera izanen dute.

 

Astelehena, apirilak 8

Astelehenean goizean goizik agurtuko dituzte bestak. 04:18 aldera Korrika sartuko da Igantzira Lesaka aldetik, Piedadetik eta 05:00ak aldera Korrikan parte hartuko dutenek, indarrak berrartzeko, Biltokin gosalduko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun