Ortziralean jokatuko da Arantzan 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 2a, 20:00
Nafarroako 15 bertsolari gaztetxok jokatuko dute Eskolartekoa ortziralean Arantzan.

Ane Telletxea, Iratxe Muxika eta Uxue Mesa lesakarrak, Ekhiñe Zapiain beratarra, Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Xabat Illarregi leitzarra  izanen dira eskualdeko ordezkariak

14 eta 18 urte bitarteko hamabortz bertsolari gaztek hartuko dute parte ortzirale honetan, apirilak 5, Arantzan jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 33. edizioan. Arantzako eskolan izanen da saioa, 18:30etik aitzinera, doako sarrerarekin. Ondoren, merendua izanen da, bai eta parte hartzaileentzako egonaldia ere, Arantzako aterpetxean bertan. 

Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain) dira Nafarroako eskolarteko txapelketako 33. edizioan kantatuko duten hamabost bertsolariak.

Josu Sanjurjok aurkeztuko du saioa eta Saioa Mitxelena, Julen Zelaieta eta Amaia Telletxea izango dira saioko epaileak. 

Parte-hartzaile guztiek honako lana egin behar dute:

  • Gai orokor bati kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)
  •  4 oinak emanda bertso bana
  • Hitza gaitzat hartuta kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)

 

Hortik sei bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera:

  • Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna kopla

 

Azkenik, bi bertsolari pasako dira buruz burukora (kartzela):

  • Puntu-erantzun bat
  • Gaiari bertso bat

 

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, ekainaren 8an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Arantzako eskolako soinketa gelan. Sarrera doakoa da, eta saioa amaituta merendua izanen da. Horren ostean, gainera, parte hartzaileentzako egonaldia izanen da Arantzako aterpetxean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun