XXXVI. Txoko-Txiki lehiaketarako lanak apirilaren 5a baino lehen aurkeztu behar dira Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 22a, 18:00
Txoko-Txiki lehiaketako sari banaketa, 2015. urtean.

Herriko 6 eta 12 urte arteko ikasleek ilustrazio eta ipuin lehiaketan parte hartzen ahal dute

Txoko-Txiki ipuin eta ilustrazio lehiaketaren hogeita hamaseigarren edizioa antolatu du Lesakako Tantirumairu ikastolak, Lesakako Udalaren laguntzaz, 6 eta 12 urte bitarteko herriko ikasleei zuzendua. 

Ipuinen kasuan, ipuinaren hasiera eman dute eta ikasleek jarraipena eman beharko diote: “Jolasean zebilela, pitzadura batean behera erori zen ‘…’. Bertan, maitagarri ilegorri batek gurari bat eska zezakeela esan zion…”. Testua txukun eta idazkera ulergarriz idatzia aurkeztu behar da. Ordenagailuz idatzitakoa ere onartuko da. Orrialde bat eta bi orrialderen arteko luzera izan beharko du.

Ilustrazioen kasuan DIN A4 neurrian aurkeztu behar dira marrazkiak, nahi den teknika erabiliz. Gaia, norberak idatzitako ipuinaren ilustrazioa izanen da.

Lan guztiak goitizenez sinatuko dira eta aparteko orri batean, egilearen izena, adina, maila eta ikastetxearen izena idatziko dira. Dena kartazal batean sartu ondoren, apirilaren 5a baino lehen ikastolara igorriko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun