Baztan-Bidasoko XXXII. Bertsopaper Lehiaketa martxan da

Joan den urteko sari-banaketan.

Bertsoak maiatzaren 17ra arte aurkez daitezke

Bertze urte batez, Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzaz, Baztan-Bidasoko XXXII. Bertsopaper Lehiaketa antolatu dute. Baztan-Bidaso inguruan bizi direnei bideraturiko lehiaketa da eta euskarazko jatorrizko lanak, argitaratu gabeak eta bertze lehiaketaren batean saritu ez direnak, aurkeztu ahal izanen dira. Gaia, doinua eta neurria norberak aukeratu ahal izanen du.

Gaia, neurria eta doinua norberak aukeratu ahal izanen du

Lau maila, adinaren arabera

Adinaren arabera, lau kategoriatan banatuko dira lanak: 10 urte artekoak (A maila); 11 eta 14 urte bitartekoak (B maila); 15 eta 18 urte bitartekoak (C maila); eta 18 urtetik goitikoak (D maila).

A mailako parte-hartzaileek guttienez bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Bi lan sarituko dituzte: irabazleak trofeoa eta 50 euro jasoko ditu; bigarrenak, berriz, trofeoa eta 30 euro.

B mailako gazteek bi bertso edo lau kopla bederen egin beharko dituzte eta sarituek trofeoa eta 100 euro; eta trofeoa eta 70 euro lortuko dituzte, hurrenez hurren. 

C mailan lau bertsotan paratu dute guttieneko muga. Irabazleari trofeoa eta 150 euro eta bigarrenari trofeoa eta 120 euro emanen diote.

18 urtetik goitikoek zortzi bertso osatu beharko dituzte, guttienez. Txapeldunak eta azpitxapeldunak trofeoa eta 200 euro eta trofeoa eta 150 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Non, noiz eta nola aurkeztu

Lanak maiatzaren 17ra arte bidal daitezke, Berako Kultur Etxera (Baztan-Bidasoko XXXII. Bertsopaper Lehiaketa, Eztegara pasealekua, 11, 31780 Bera (Nafarroa) helbidera). 

Lanek, onartuak izateko, izenburua eta adina bakarrik beharko dituzte agerian. Izen-abizenak, adina eta telefonoa (lanari jarritako izenburuarekin batera) bertze orri batean idatzi eta gutun-azal itxi batean sartu beharko da.

Sariak maiatzaren 31n emanen dira Berako Kultur Etxean eginen den ekitaldian

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du eta horren erabakia ezin izanen da aldatu. Gisa berean, sariak hutsik utzi ahal izanen ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean maiatzaren 31n, ortziralean, 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira.

 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun