Basque Culinary Center ikastetxeko ikasleak Martikon izanen dira bihar

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 21a, 12:00

Basque Culinary Center-eko ikasgelak utzi eta Nafarroako produktuak ezagutzen ari dira ikasleak.

Mikel Zeberio irakasle eta kritiko gastonomikoaren eskutik, Nafarroako produktuak ezagutzen ari dira egunotan

Donostiako Basque Culinary Center (BBC) ikastetxe entzutetsuko ikasleak egun hauetan Nafarroan zehar egiten ari dituzten jardunaldien baitan, martxoaren 22an, ortzirale goizean Berako Martiko lantegian izanen dira. Asteazkenean Erribera aldean ibili ziren. Gaur, berriz, Zarrakaztelu, Erriberri eta Iruña aldeko produktuak ezagutzen eta dastatzen ari dira eta Lekarozko aterpean hartuko dute ostatu.

BBCko hogeitamar ikasle inguru, Mikel Zeberio BBCko irakasle eta kritiko gastronomikoen eskutik, egun hauetan Nafarroako hainbat lekutan bisitan eta tokiko produktoekin esperimentatzen ari dira. Bertzeak bertze, Martikoren lantegia ezagutuko dute martxoaren 22an, ortzirale goizean. Beratik Arruitzera joko dute, Maskarada ustiategiko euskal txerria ezagutzera. Arratsaldean, Larrazabal Eco mendi gazta ezagutuko dute Altsasun.

Ekitaldiak BCC berak antolatzen ditu, bainan Lursareak (Nasuvinsaren barnean dagoen lurralde garapeneko agentziak) behar izan duten laguntza teknikoa eman dio, tokiko produktoak eta produktoreen lana lurralde garapen estrategia baten barruan bultzatzeko. «BBCren eskuz, badaukagu gure tokiko produktoak hainbat sukalde eta goi sukaldaritzan sartzeko aukera paregabea!», diote Lursareatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun