Euskal musika klasikoa entzungai izanen da Lesakan martxoaren 23an

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 20a, 10:30
Josu Okiñena donostiarra 'Xuxurlak' lana aurkeztuko du Harriondoan.

Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarrak 'Xuxurlak' lana eskainiko du larunbatean 19:00etan Harriondoa Kultur Etxean

Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarrak Xuxurlak izeneko lana eskainiko du hilaren 23an, larunbatean, 19:00etan Harriondoa kultur etxean (sarrera: 8 euro). Munduko zenbait areto ospetsuetan (New York, Tokio, Montevideo, Txileko Santiago…) aurkeztu ondotik dator Lesakara.

Xuxurlak ikerketa lan zehatz baten fruitua da. Izan ere, Okiñena Musikenen (Euskal Herriko goi-mailako musika  ikastegia) irakasle izateaz gain, bilaketa eta zabaltze eginkizun garrantzitsu bat ari da betetzen, hainbat euskal musika sortzaileren obrak berreskuratuz eta ezagutaraziz.

Oraingo Xuxurla horien artean, Aita Donostiaren zenbait sorkuntza entzuteko aukera izanen da, bereziki Andante doloroso haren azken lana, baita bertze egile garaikideenak ere. Hala nola, Tomas Garbizu, Felix Lavilla edo Paskual Aldabe lesakarrarenak batetik, eta XVIII. mendeko bertze zenbaitzurenak bertzetik, gehienak lehen aldiz argitaratuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun