Beran eta Zugarramurdin kontzertuak eskainiko ditu datorren astean Berako Abesbatzak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 15a, 08:30
Berako Abesbatza txistularia taldea Zugarramurdiko lezeetan izanen dira martxoaren 24an.

Martxoaren 19an San Jose Zahar Etxea eta 24an lezeetan

Berako Abesbatzak bi hitzordu garrantzitsu izanen ditu datorren astean. Martxoaren 19an, asteartean 10:30ean kantatuko dute Berako San Jose Zahar Etxean, zaindariaren egunean. Hilaren 24an, berriz, Zugarramurdiko lezeetan kontzertua eskainiko dute, herriko txistulari taldearekin batera.

Berako Zahar Etxean, asteartean 10:30ean hasikta eskainiko duten emanaldian, Maite, O Galopín, Ilunabarra, Beti maite, Binbili bonbolo, Gurea da edo Agur Zuberoa abestuko dute, bertzeak bertze. Zugarramurdiko lezeen txoko ezberdinetan martxoaren 24an eskainiko duten emanaldian, abesbatza bakarrik, txistulariekin batera eta txistulariak bakarrik ere ariko dira. Igande eguerdiko 12:00etan hasiko den kontzertuan Agurra, Gaur aquelarre gorbeian, Isidoro Fagoaga, Euskal musikaren gorespena, Mendigoizaleak, Gabiltzan kalez kale, Bigarren kalez kale, Gurea da, Negra sombra, eta Agur Zuberoa abestuz bukatuko dute.

 

Udaberri mugitua

Bera eta Zugarramurdiko emanaldien ondotik ez da isilik egonen Berako Abesbatza. Apirilaren 6an Elizondoko Benito Menni erresidentzian abestuko dute, maiatzarenn 11n Iruñean eta maiatzaren 26an herriko lehen jaunartzetan. Ekainaren 2an sendotzetan abestuko dute; ekainaren 9an Aralarko San Migel baselizako mezan kantatuko dute eta ondotik kontzertua eskainiko dute eta ekainaren 23an, Bestaberri egunean, Perosiren meza kantatuko dute Berako elizan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun