Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketak deitu ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 13a, 19:00
Sanferminetako kartel eta programaren portada lehiaketarako lanak aurkez daitezke dagoeneko.

Lanak apirilaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dira eta herri bozketaren bidez aukeratuko dira irabazleak

Lesakako Udalak, 2019ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea apirilaren 12ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz. 

Azalen neurria 210x297 mmkoa izanen da osotara eta kartelena 420x594 mmkoa. Derrigorrez, Lesaka 2019k0 Sanferminak agertu beharko du. Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria eramanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere apirilaren 12rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen taloia izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

 

Erakusketa apirilaren 18tik 28ra

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da Beheko Plaza 5eko Kultura eta Turismo bulegoan apirilaren 18tik 28ra (biak barne). Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaioak edo bertan erroldatuak direnak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun