Etxarri-Aranatz eta Lesakako finalaurrekoak jokatuta osatu da Nafarroako Bertsolari txapelketako finalisten zerrenda

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 11a, 07:49

Xabier Terreros lesakarra nagusitu zen Etxarrin eta Joanes Illarregi leitzarra Lesakan.

Azken finalaurrekoak irabazita, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan izanen den finalerako zuzenean sailkatzea lortu dute Xabier Terreros lesakarrak eta Joanes Ilarregi leitzarrak, Etxarri-Aranatzen eta Lesakan nagusitu ondotik. Hain zuzen ere, hauexek izango dira Anaitasunako oholtzan izanen direnak: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia. 

Etxarri Aranatzen jokatu zen larunbatean 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, herriko Kultur Etxean elkartu ziren 200 lagun ingururen aurrean. Haien aurrean aritu ziren Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu ziren. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ondotik, Xabier Terrerosek eskuratu du puntu gehien (360,5). Terrerosen gibeletik sailkatu dira eta Julio Soto (358,5), Julen Zelaieta (355,5), Iker Gorosterrazu (338), Diego Riaño (307,5) eta Iban Garro (304,5). Honela geratu zen saioko puntuazioa:

Xabier Terreros Gartzia
Julio Soto Ezkurdia
Julen Zelaieta Iriarte
Iker Gorosterrazu Elizagoien
Diego Riaño Barroso
Iban Garro Alzuri

360,5
358,5
355,5
338
307,5
304,5

 

Lesakan azken finalaurreko erabakigarria

Lesakan jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, goitiraino bete den Harriondoa Kultur Etxean bildutako 270 lagunen aurrean. Han izan dira kantuan Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez. Fernando Anbustegik egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lesakako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ondotik, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (375,5), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratu du,  atzo Xabier Terrerosek eta pasa den igandean Eneko Lazkozek eskuratu bezala. Joanes Illarregiren atzetik sailkatu dira Eneko Fernandez (359), Xabat Illarregi (356,5), Saioa Alkaiza (344,5), Josu Sanjurjo (341) eta Alazne Untxalo Erregerena (335,5).

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Joanes Illarregi Marzol
Eneko Fernandez Maritxalar
Xabat Illarregi Marzol

Saioa Alkaiza Guallar

Josu Sanjurjo Altzuri

Alazne Untxalo Erregerena

375,5
359
356,5

344,5
341
335,5

Horrenbestez, osatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean arituko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Hiru finalaurrekoetako irabazleei, sailkapenaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Ondorioz, hauek izango dira txapelaren bila jardungo dutenak: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia.

Horrela geratu da finalaurrekoetako faseko sailkapena:

1

Eneko lazkoz

399,0

2

Joanes Illarregi

375,5

3

Xabier Terreros

360,5

4

Eneko Fernandez

359,0

5

Julio Soto

358,5

6

Xabat Illarregi

356,5

7

Julen Zelaieta

355,5

8

Xabi Maia

352,5

9

Aimar Karrika

349,0

10

Saioa Alkaiza

344,5

11

Josu Sanjurjo

341,0

12

Iker Gorosterrazu

338,0

13

Alazne Untxalo

335,5

14

Saats Karasatorre

335,0

15

Sarai Robles

326,5

16

Joana Ziganda

312,0

17

Diego Riaño

307,5

18

Iban Garro

304,5

 

Martxoaren 23an jokatuko da finala, 17:00etatik aurrera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Olgarenea natur-denda (Lizarra). Ondorengo egunetan, finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, eskuragai duzue txapelketako informazio eguneratua, www.bertsozale.eus atarian. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun