'Ghero, Azken euskalduna' antzezlana ikusteko aukera izanen da Beran martxoaren 16an

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 13a, 08:45
Kutsu futurista duen antzelanak 3000. urtera eramaten ditu ikusleak eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du.

Larunbatean 19:00etan Kultur Etxean, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira egiten ari diren egitasmo kulturalen baitan.

Tartean antzerki konpainiak Ghero. Azken euskalduna antzezlana taularatuko du Beran. Martxoaren 16an izanen da, kultur etxean larunbatean 19:00etan, eta Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira egiten ari diren egitasmo kulturalen baitan eskainiko dute. Sarrera 7 euro gostako da eta aitzinetik salgai daude Xuga ostatuan.

Kutsu futurista duen antzelanak 3000. urtera eramaten ditu ikusleak eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. Euskara da Gheroko protagonista nagusia. Izan ere, dozena bat hizkuntza erabiltzen dira ikuskizuenean: euskara, jakina, baina gaztelera, frantsesa, katalana, galegoa, latina, ingelesa… ere bai. Hizkuntzen aniztasunaren aldeko kantu bat izan nahi du Gherok. Koldo Mitxelena idazleak euskararen misterioa ez zela bere jatorria erraten zuen, bere iraupena baizik. Antzezlanak mito horren inguruan dihardu, euskaldunok gure gain dugun euskararen iraupenaren zamaz. 

Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta Jokin Oregik zuzendu. Oholtza gainean, berriz, bortz aktore dira: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Marinez eta Patxo Telleria. Iñaki Salvador pianojolearen musikak girotzen du antzezlana eta eszenografia Ana Garairena da. 

 

Sinopsia

3000. urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari.
Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria.
3000. urtean euskara egonen da?
Ghero, kondairen kondaira bat, euskararen biziraupen harrigarriari buruz.
Ghero, hizkuntza baten bizirauteko amorrua.
Ghero, bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat.
Hizkuntz preindoeuropear ttiki baten biziraupenaren mirariarekiko harridura, miresmena, nahasmena, konplizitatea…
Bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema, euskararen planetaren inguruan orbitatzen.
Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun