Bidasoko izokina ezagutzera eman eta errekuperatzeko arrantzaleekin formakuntza saioa eginen dute larunbatean Bertizen

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 7a, 11:00

Izokinaren inguruko ezagutza hobetzeko saioa eginen dute larunbatean Bertizen.

Espezie hori ezagutzera eman eta errekuperatzeko programaren baitan gauzatuko da

Bidasoko izokina ezagutzera eman eta errekuperatzeko arrantzaleekin formazio saioa eginen da martxoaren 9an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendaritzak antolatuta. Hitzordua Bertizeko Natur Parkeko Jauregian eginen da, larunbatean10:00etan hasita. 

Ekintza hau ‘Izan zaitez Bidasoako izokinaren babesle’ boluntario kanpainaren baitan antolatu du Ingurumen Zuzendaritzak, Foru Erkidegoko LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan, eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketak (NIK) koordinatuta. Ekimen honen bitartez, arrantzaleek espezie honen errekuperaketan lagundu eta informazioa zabaltzen lagundu dezakete. Helburua arrantzatutako izokinei ugaltzeko bigarren aukera bat ematea da, arrantzaz gozatzen jarraitzeko aukera izanez.

Jardunaldian zehar antzeko ekimenak emanen dira ezagutzera, erraterako Asturiasen, Enrique Berrocal, Las Mestas del Narcea Arrantzaleen Elkarteko kideak gidatzen duen Arca Proiektua. Berak izokina mantendu ahal izateko arrantza praktiken inguruko beharrezko praktiken inguruan azalpenak emanen ditu. Zentzu horretan, beste lekuetan gauzatutako ekimenek arrantza jasangarriak eta arrantzale eta erakundeen arteko koordinazioak izokinak errekuperatzeko baliogarriak direla azaldu dute.

 

Bigarren aukera

Arrantzatutako izokinak ibaietara markatuta bueltatzen dira eta horrek izokinak ibaian egiten dituen mugimenduen aldiroko informazioa jasotzeko aukera ematen du. Hala, biziraupena, datak, migrazio kaudalak edota izokin bakoitzak ugaltzeko dituen aukerak ezagutuko dira. Gainera, arrantzaleak babestutako izokinaren bilakeraren inguruko informazioa jasoko du.

Bertze aukera bat, emandako izokinak Oronoz-Mugairiko arraintegira eramatea izanen da, non erreproduktureak bilakatuko diren arrainkumeei bide emateko eta modu horretara Bidasoko espezie honen kopuruak igotzeko.

 

Protokoloak

Boluntario programa honen baitan, era berean, ibaien zainketarako protokoloa zehaztu dute Bidasoa ibarreko hainbat arrantzale elkartek eta Nafarroako Gobernuko Zuzendaritza Orokorrak, Life Irekibai proiektuaren babesarekin.

Protokolo horien sinadurarekin hasieratik espezieen babeserako egiten ari den elkarlana sendotzea da helburua, babesteko ekintza gehiago egin eta gizartearen artean zein kideen artean ingurumen dibulgazioa egiteko. Horren helburua inguruan dauden habitatak eta arrain espeziei mesede egiten dioten balore ekologikoak babestea da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun