Emakume batek jasandako jazarpena salatzeko elkarretaratzea deitu dute martxoaren 1ean Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 28a, 08:20

Goldatzek, Berako Udalak eta Bortziririetako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak elkartasuna adierazi diote emakumeari eta bere ausardia txalotu dute

Beran emakume batek jasandako jazarpen larriengatik, hala nola, mehatxuak, jarraipena, kontrola… salaketa bat jarri da. Gertakari honen aitzimean, Goldatz Berako Emakume Talde Feministak, Berako Udalak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak lehenik eta behin «gure elkartasuna adierazi nahi diogu erasoa jasan duen emakumeari, babes osoa emanez, eta baliabide guztiak bere esku jarriz. Era berean, emakumearen ausardia txalotu nahi dugu».

Gogorarazi nahi dute, «genero indarkeria moduan ulertzen ez diren kasuak daudela. Hori dela eta, aldarrikatzen dugu, emakume izanagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak genero indarkeria bezala ulertuak izan beharko liratekeela. Berako herrian ez dugu ez horrelako, ez bertze inolako eraso matxistarik onartuko. Ezetza beti EZ delako!!».

Gertaera hau salatzeko elkarretaratzea eginen dute, martxoaren 1ean, ortziralea, arratseko 8:30ean Mukixu Zubian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun