«Ondorengoek inauteriez goza dezaketela ikustea pozgarria da»

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 26a, 08:45

Maria Jose Portuk berrogei urte daramazki Irubide ostatu-jatetxea kudeatzen.

MARIA JOSE PORTU ETXABIDE • Lesakako emakumezkoa

Pikabea baserriko sei senideetan lehendabizikoa da Maria Jose Portu (Lesaka, 1946). Baserriko bizimoduak eta beharrak bultzatuta, gazterik hasi zen lanean. Han eta hemen ibili on­dotik, 1969an ostatua hartu zuen eta egun hortxe du bere habia.

14 urte bete gabe zituela hasi zen lanean: «eskola utzi behar izan nuen». Maletak hartu eta herrira jo zuen haurtzain: «urte eta erdiz bi haur zaindu nituen». Ondotik, medikua­ren etxean aritu zen. Gisa guztietako lanak egin behar izan zituen: «etxeko lanez gain, baratzean aritzen nintzen eta gaixoak hartzen nituen». Lau ur­tez egunero egin zuen lan: «modua zenean, igande arratsaldetan plazan dantzatzeko edo etxekoak bisitatzeko aukera izaten nuen». Herriko fabri­kan ere ibilia da: «lan ona nuen baina hiru urtez bakarrik aritu nintzen, ez­kondu nintzen arte. Hala izaten zen, emakumezkook ezkontzea erabaki­tzen genuenean kitapena eman eta kanporatu egiten gintuzten».

 

Urte «gogorrak»

Jarraian egun diharduen ostatua har­tu zuen. Hasiera «zaila» izan zen: «es­perientziarik ez nuen, ekaina zen eta sanferminak gainean genituen...». Fa­brika handitu zuten arte (1970-1972) «lan gutti» egin zuten, baina ederki sumatu zuten eragina: «orduan 100 bazkari baino gehiago eta 90 bat afa­ri ematen genituen». Lo eskaseko eta lan aunitzeko urteak izan zituzten: «aunitzetan 04:00etan ixten genuen eta 08:30 aldera ireki». Gaur egun, be­rriz, «egun handienak sanferminak, San Anton eguna, kinto bestak eta inauteriak izaten dira».

Batzuek besta egin ahal izateko bertzeek lan egin behar izaten dute eta horren adibide da lesakarra. Izan ere, egun berezi horiek guztiak la­nean pasa ditu: «inauteriak legeztatu eta lehendabizikoz ospatu zirenean 17 urte inguru izanen nituen eta me­dikuaren etxean ari nintzen». Etxeko balkoitik ikusi ahal izan zuen lehen­dabiziko karro hura: «Lesakako banda atera zen, mariatxiz jantzita eta mu­sika jotzen. Hagitz-hagitz polita izan zen...». Lehen zakuzaharrak, berriz, ostatuko atarian ikusi zituen: «urte batean pila bat bildu zirenez, erdiek ohiko buelta egin zuten eta bertze er­diak Etxeberritik abiatu ziren».

 

Giro «polita eta berezia»

Bizpahiru urteren buruan, igandetan ostatua ixten hasi ziren. Hortaz, azken hamar urteetan zakuzaharrak bertatik bertara ikusteko aukera izan du. Poz­garria da berarentzat berak gozatu ez duena ondorengoek behintzat gozatu ahal izan dutela ikustea: «alabak osta­tuan lanean ari ondotik hasten zuen besta eta bilobek barrutik bizitzeko aukera izan dute. Urteren batean za­kuak josten ere lagundu izan diet, gus­tura aski gainera». .

Larunbatean eta astelehenean, be­rriz, sukalde bazterretik bizi ditu inau­teriak: «eguneroko jantziak utzi eta paratzen dituzten mozorroak, egiten dituzten antzerkiak... ikustea aunitz gustatzen zait». Urtez urte izan duten giroa gustuko duela antzematen da, irria ezpainean duela kontatzen ditu kontuak... Aurten ez da guttiagorako izanen. Izan ere, «fraindarrak etorri­ko dira astelehenean, soinua izanen dugu… polita eta berezia izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun