600 kiloko Euskal Herriko txapelketa ere irabazi du Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 25a, 15:00

Beti Gazte txapeldun Euskadiko 600 kilokoan ere, podiuma osatu zuten Murueta eta Ibarrarekin batera.

Martxoaren 2an 560 kiloko txapela jokoan izanen dute Laukizen eta lehen aldiz txapel guztiak irabazteko aukera dute mutilek

680 eta 640 kiloko kategorietan egin zuen bezalaxe, Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak Euskal Herriko 600 kiloko sokatira txapelketa ere irabazi du. Otsailaren 23an Bilboko Txurdinaga auzoan jokatu zen finalean tiraldi guztiak irabazi zituen.

 

Txapeldunorde Murueta (Bizkaia) izan zen eta Ibarrak (Gipuzkoa) osatu zuen podiuma. Ondotik sailkatu ziren Ñapurrak, Gaztedi eta Berriozar.

600 kiloko taldea, 640koan ere txapeldun suertatu zen zortzikotea aritu zen: Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Alejo Sarobe, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea, Pascual Taberna eta Iñigo Altzugarai erakusle zituztela.

Emakumezkoetan, Txurdinagako saioan berdindu egin zuten lehen postuan Gaztedi eta Badaiotzek. Ibarra izan zen hirugarren, Beti Gazteko neskak laugarren, Txantrea bosgarren eta Antsoain seigarren.

  

Azken txapelketak

Heldu den asteburuan, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, martxoaren 2an Laukizen (Bizkaia). Gizonezkoek, 560 kiloko txapela jokoan izanen dute jardunaldi bakarrean. Beti Gazterekin batera, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta lehiatuko dira pisu arinenean. Beti Gaztek txapela lortuko balu, lehen aldiz Euskadiko txapel guztiak lortuko lituzke urte berean. Marka ederra litzateke!

Euskadiko sokatira txapelketa bukatzeko, martxoaren 9an Gabirian (Gipuzkoa) txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Beti Gazterekin batera, Bizindar, Ibarra, Antsoain, Berriozar eta Gaztedi A eta Gaztedi B lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun