Ongi ibili!

Erabiltzailearen aurpegia Bidazi Elkartea 2019ko ots. 20a, 08:16

Azken hamarkadetan izugarri aldatu da gizakia. Eta horietako aldaketa bat bidaiatzearena da. Orain berrogei urte nork pentsatuko luke ia familia guztiak oporretan joanen zirenik edo bidaiatuko zutenik? Egun, bidaiatzea ohikoa den zerbait bihurtu da. Baina gauzak aldatzen diren moduan, bidaiatzeko manera berriak ere sortzen dira. Alternatiba hauek bertzelakoa dute helburua: bertakoarekin erlazionatzea, lan jarduera berriak ezagutzea, esperientzia berriak bizitzea edo merkeago bidaiatzea erraterako.

Alternatiba franko badira, baina gaurkoan WWOOFing, Helpx edo Workaway bezalako alternatiben berri emanen dizuegu. Hiru horiek funtzionamendu berdina dute: bertakoaren etxean lan pixka bat egitearen ordainean ohatzea eta eguneko otorduak eskaintzen dituzte. Normalean eguneko lau bat ordu lan egin behar dira, baina hori ere etxeko nagusiarekin adosten ahal da.  Lan mota, berriz, anitza da. Helpx eta Workaway-en kasuan ohikoena da etxeko zerbaitetan laguntzea: haurrak, baratzea, animaliak edo etxearen mantentze-lana adibidez. Woof sistema, berriz, zehatzagoa da. Ingelerako World-Wide Opportunities on Organic Farms hitzetatik heldu da, eta izenak berak dioen bezala, baserri ekologiko edo organikoetan lan egiteko aukera da. Beraz, bertan eginen diren lanak abeltzaintza edo nekazaritza ekologikoari lotuak izanen dira.
Alternatiba horietan parte hartzeko, lehen pausoa web orrialdean izen-ematea da, modu honetan etxe eta baserriekin kontaktatzeko aukera izanen baitugu.  Bigarren pausoa gure burua aurkeztu eta definitzen duen profila sortzea izanen da.  Azkenik, orrialdeko eskaintzetan kuxkuxean ari eta gustuko tokia ikusten dugunean, mezu bat bidaliz berekin kontaktuan jarri beharko gara. Eta horra hor alternatiba berri hau probatzeko aukera! Probatzera animatzen zarete? Ongi ibili!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun