Giro eta eguraldi ederra izan dute Arantzako inauterietan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 18a, 10:17

Mozorro Zuriek ortzegun goizean egin zuten gosariarekin hasi ziren Arantzako inauteriak. Hortik aitzinera, giro ederra nagusitu zen bai herrian baita baserri auzoetan ere.

Ortzegunean Mozorro Zuriak bi taldetan banatuta baserrietan ibili ziren, Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien laguntzarekin. Arratsaldean, berriz, eskolan inauterietako besta egin zuten. Mozorro Zuriz jantzita herri-kirol saio polita eskaini zuten frontoian eskolako lagunek.

Ortziralean, Mozorro Zuriak herrian barna ibili ziren, baita eskolako ttikienak ere ere, kopla kantari ibili baitziren etxez etxe. Eskolako zaharrenak, berriz, baserri auzoetan ibili ziren. Gauez, jendetza elkartu zen Aterpean egin ziren bertso- eta emakume-afarietan. Ondotik, Beñat eta Fernandorekin dantzaldia izan zen Gorapean eta besta goizaldera arte luzatu zen.

Larunbatean, denetariko mozorroak ikusteko aukera izan zen: Arruzpiko sorginak, hippiak furgoneta eta guzti, Alardeko kideak, ijituak, eskoziarrak, ehiztariak, Sevillatik etorritakoak, indioak, marrazki bizidunetako pertsonaiak, Japoniako tribu batekoak, afrikarrak, Arantza Hoteleko mandatu-mutilak... Arratsaldean, herriko trikitilari eta panderojoleekin kalejira egin zen, ondotik txokolatea eskaini zuten Mozorro Zuriek eta ilunabarrean, frontoia jendez bete zen herri-kirol saioa ikustera. Aizkoran, arpanean eta harri-altxatzen aritu ziren. Tartean, apustu polita eskaini zuten larretxeatarrek: Donato Larretxea eta Oier Larretxea, Oihan Larretxea eta Garikoitz Larretxearen aurka aritu ziren. Harriarekin Xabier Ariztegi aritu zen eta arpanean Itsaso Onsalo, Nerea Sorondo, Leire Astiasaran eta Amaia Gartzia. Gauez, dantzaldia izan zen Obaneuke taldearekin eta jende andana bildu zen herri inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun