Dronak egiten eta hegatzen ikasteko ikastaroa antolatu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 15a, 14:00
Dronak egiten ikasiko dute ikastaroan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik, martxoko larunbatetan eginen dute 

Ikasi dron bat egiten ikastaroa  antolatu dute Berako Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, 16 urtetik goitikoei zuzendua. Martxoaren 9, 16, 23 eta 30ean eskainiko du Andres Abrego Arlegik Beralandetan, 09:00etatik 14:00etara (denera 20 orduko ikastaroa). Izen-ematea martxoaren 1a arte egin daiteke (10 euro), 948 012 012 telefonora deituta, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 19:00etara.

Ikastaroak honako hau du helburu: bertaratzen direnek dronek nola funtzionatzen duten ikastea, nola erabili, nola eraiki eta nola konpondu. Etxean praktikatzeko simuladore batzuk eskainiko dira eta segurtasuna izanen da lehentasuna, egungo legeria azalduz. Erakustaldia, simulagailuak, multierrotoreak, hegazkinak eta hegaldi saioa ere eginen dute, azken hau Sunbillan seguruenik.

Bera “NUP antena” udalerria da. Termino hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduera bildu eta zabaltzean datza; baita unibertsitateak sustatutako ekimen batzuetako ezagutzak herritarrei ematean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun