Lesakako Udal haur eskola hurrengo ikasturtean hasiko da lanean

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 13a, 20:00
Joan den ortziralean bisitatu zituen Maria Solana kontseilariak Lesakako Magala 0-3 urteko Udal Haur Eskolako lanak.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak 0-3 urteko zentroko lanak bisitatu zituen otsailaren 8an.

0 eta 3 urte bitarteko haurrei zerbitzua eskainiko dien Magala Udal Haur Eskola 2019-2020 ikasturtean hasiko da lanean Lesakan. Otsailaren 8an, zentro berriaren lanak bisitatu zituen Maria Solana, Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilariak, Departamentuko bertze ordezkariekin. Jose Luis Etxegarai alkateak egin zien harrera. 

Itxasegur eraikuntza enpresa egiten ari da lana, 103.652,03 euroko aurrekontuarekin eta dagoeneko azken ukituak ematen ari da. 414 metro koadro eraikiak izanen ditu eta 360,26 metro koadro erabilgarri. Barneko ekipamendua bertze enpresa batzurekin eginen dute. Kudeaketa egiteko kontratua ere esleitu berri du Udalak eta Maite Goia Irazoki buru duen lan-taldeak kudeatuko du ikastetxea, 136.000 euroren truke.

36 haurrentzako lekua eskainiko du, zortzi 0-1 urtekoak, hamabi 1-2 urtekoak eta hamasei 2-3 urtekoak. Alkateak aipatu zuenez, «Aspaldidanik herriak eskatzen zuen zerbitzu bat da eta honekin erantzuna eman zaio».

Lesakako udala Hezkuntza Departamentuak egin ohi duen obretarako diru-laguntza deialdira aurkeztu zen eta horren harira, 70.228,86 euroko aguntza eskuratu zuen. Martxoaren hasieran izanen da familientzako izen-ematea eta Hezkuntza Departamentutik jakinarazi dutenez, «lanean ari gara orain arte herrian egon bazegoen 2 urteko doako gelak, ikastetxe berrian ere doan izaten jarrai dezan (jantoki zerbitzua orain arte bezala ordaindu egingo lukete)».

Joan den ortziralean lanak ikuskatu ondotik etorriko da 0-3 eskola sortzeko prozedura eta hitzarmena. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak era horretako zerbitzua eskaintzen duten udalekin hitzarmenak egiten ditu, halako zentro bati dagozkion ezaugarriak betetzen badira eta dagokion modulua ordaintzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun