Ainara LeGardonek kontzertua eskainiko du otsailaren 8an Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 6a, 06:30

Denbora errealeko bidaia da Ainara LeGardonek dakarkiguna.

Ortziralean 23:00etan hasita Kataku herri ostatuan 

Ainara LeGardon musikari bilbotarrak kontzertua eskainiko du otsailaren 8an, ortziralean 23:00etan hasita Berako Kataku herri ostatuan.

Ainara LeGardonen (Bilbo, 1976) ibilbidea, destilatze-prozesu pertsonal eta artistikoaren emaitza logikoa da. Hamarkada bi bete ditu rock independentearen eszena -harrera bikaineko bost diskotan bildutako fazeta- eta soinu-esperimentazioaren alorra lantzen. Bere kantuak talde erritmiko batekin hornituz, bakarkako inprobisazioetan zein Archipiel, La Criatura edota maDam kolektiboa bezalako proposamenen bidez, soinuzko topaketa berriak sortzen saiatzen da, eta gehigarri guztiak ezabatzen dizkio musikari, bere adierazpen-gaitasunari bide emateko. Formaren soiltasunari esker, intentsitatea fintasunez graduatzeko eta isiltasuna modelatzeko aukera du, intentzioz betetzeko. Zergatik mugatu abesti izatera, soinu guztiak haragizta daitezkeenean?

Denbora errealeko bidaia da Ainarak dakarkiguna. Bera da bidea; paisaiaren jatorria, oreka ezegonkorra: argia eta itzala, indarra eta ahultasuna, beldurra eta egia. Senak bat egiten du organikoarekin, eskura dauden mundu eta emozio guztiei deitzeko: intimoak, imaginarioak, partikularrak eta unibertsalak.

Horrekin guztiarekin batera, Kultur Kudeaketan eta Jabego Intelektualaren eremuan egiten duen hezkuntza-lanari esker eta independentziarekin duen konpromisoari esker, etengabeko eboluzioan dagoen erreferentziazko artista da Ainara LeGardon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun