Estitxu Pinatxok dama beltzen ahotsa ekarri zuen Berako Kultur Etxera

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 4a, 07:08
Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek emanaldi bikaina eskaini zuten larunbatean Berako Kultur Etxean.

Mikel Santxez gitarra-jotzailearekin batera emanaldi ederra eskaini zuten larunbatean

Joan den irailean aurkeztu zuten mugimendu musikal eta soziala sustatu zuten emakumeen borroka ardatz duen Dama Beltzak proiektua. Orduz geroztik Estitxu Pinatxo Berako abeslariaren eta Mikel Santxez gitarra-jotzaile lesakarraren lana batean eta bertzean erakutsi dute. Larunbatean Berako Kultur Etxean abestu zuen Pinatxok eta erran daiteke profeta izan zela bere sorterrian. Jende aunitz bildu zen Kultur Etxean eta zoratzen atera zen bertan aditutakoarekin.

Berako emanaldiaren ondotik, hilaren 16an Donostian; eta 24an Arrasaten izanen dira. Martxoaren 16an eta 23an, berriz, Andoainen eta Irunen izanen dira, hurrenez hurren.  

Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei merezitako errekonozimendu xumea da DAMA BELTZAK. Mugimendu musikal eta sozialaren erreginak izan ziren, bertzeak bertze, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ahazturan gera ez daitezen, bortz emakume ausart hauen bizitzak kontatu eta haien abestiak kantatzen dituzte. Estitxuren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek janzten dituzte euren dama beltzen abestiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun