Zuzendaritza batzordearen erdia berritu du Igantziko Biltoki elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 2a, 10:00
Berriz ere jendetza bildu zen Biltoki elkartearen urteko batzarrean.

Ilbeltzaren 26an egin zuen urteko batzarrean egoitza berriaren gaia lantzeko bertze bi hilabeteko luzapena onartu zuten

Espero bezala, jendetsua izan zen Igantziko Biltoki elkarteak berriz ere Baratzondon egindako bilkura, bazkidegoaren erditsua bertaratu baitzen. Lau ordu eta erdi luze joan ziren informazio-zabaltze, eztabaida eta bozketak burutu zirenerako, inoiz elkartean izan den biltzarrik luzeena segur aski. Halaxekoa eskatzen zuen gai-zerrendak. 

Ez zen anitzik luzatu batzordea urteko kontu, aktibitate eta bertzelakoen berri ematerakoan, konforme agertu zen jendea emandako informazioarekin. Gai mamitsuak ondotik jorratu ziren. Araudi berriaren proposamenaren eztabaidan, bertze xehetasun batzuk egokitu baziren ere, bi lekutan kateatu zen eztabaida: elkartea uzten duten bazkideekin izan beharreko jarrera eta bazkide ez direnak elkartean sartzeko izanen duten baimenaren maiztasuna. Aldaketa batzuk onartu zituen batzarrak bi puntu horietan.

Egoitza berriari buruzko hausnarketa gibelatzeko eskatuz bazkide talde batek emandako idatzia irakurri zuen ondotik batzordeak, bertze aukera batzuk lantzeko beharra eta epeak luzatzeko eskatuz. Bozketa proposatu zuen batzordeak eta bertze bi hilabeteko luzapena onartu zuten bazkideek aukera berriak aurkezteko, zehatzak eta landuak. Aitzinetik, zenbait argibide eman zituen alkateak, emandako urratsei buruz euren iritzia zein den adieraziz.  

Batzordearen erdia berritu zen azkenik: Leire Arretxea izanen da lehendakariordea Leire Tabernaren ordez; Beñat Txoperena idazkaria, Adur Yanciren lekua hartuaz; Salba Lizardi, Eli Urbistondo eta Izaskun Sein sartuko dira, berriz, Lourdes Etxeberria, Ana Loiarte eta Eneko Telletxearen lekuan, bokal gisa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun