Indarrean da bide eta pistak arautzeko ordenantza berria Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 26a, 11:00
Igantziko Mugako Egiko bidea. Argazkia: Oskar Txoperena

Bide bakoitzaren sailkapena dakarki eta horren arabera, bide horietan bete beharreko arauak

Joan den abuztuan publikatu zen Nafarroako boletinean herriko bideen arautegi berria. Aiert Retegi zinegotziaren erranetan «inguruko herrietan lehendik onartua zuten erregularizazioa eta hemen ere beharrezkoa zela pentsatu ondotik, euren arautegia izan da Igantzikoaren oinarria». 

Urtebete inguruko ibilbidea izan du proiektuak, behin betiko onarpenera ailegatu arte eta dagoeneko indarrean dago. Arautegiaren edukiaz galdetuta hau erran digu zinegotziak: «batetik herriko bide eta pisten inbentarioa egiteko konpromisoa ageri da arautegian. Horrek bide bakoitzaren sailkapena dakarki eta horren arabera bide horietan bete beharreko arauak, ibilgailuen erabilerari dagokionez gehienbat. Bide publikoak ixteko debekua ere ageri da. Orain arte paratu izan diren atakak kendu eta langa kanadarrak paratzen hasiak gara, Iturrenbordako bidean, erraterako. Jakin behar dugu ibilgailuekin bideetatik ibili beharko dugula nahitanahiez, bertzela mendi eta soroak hondatu bertzerik ez direlako egiten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun