Jabier Muguruzak ‘Leiho bat zabalik’ utziko du urtarrilaren 26an Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 23a, 08:45
Kantautore moduan argitaratu duen hamabosgbrren diskos aurkeztuko du Jabier Muguruzak.

Larunbatean 19:30ean eskainiko du emanaldia Kultur Etxean 

Jabier Muguruza musikari eta abeslariak Leiho bat zabalik kontzertua eskainiko du urtarrilaren 26an, larunbatean 19:30ean Kultur Etxean. Sarrera 8 euro gostako da. Irungo musikariak Ander Mujika izanen du lagun gitarra elektrikoarekin. Berako Kultur Batzordeak antolatu du emanaldia, Nafarroako Antzoki Sarearen laguntzarekin.

Leiho bat zabalik

Jabier Muguruzaren disko berriak, hamabosgarrena kantautore moduan, aldaketa nabarmena dakar instrumentazio aldetik: urte luzeetan lagundu dion oinarri akustikoa alde batera utzi, eta gitarra elektrikoak (Ander Mujika) eta elementu elektronikoak (“Carasueño”) ditu ardatz oraingo honetan; modu horretara, soinu-paisaia berri batera eramaten du obra.

Hala ere, eta aldaketak aldaketa, Jabierren jarraitzaileak berehala ezagutuko ditu bere ohiko estiloa eta nortasuna: tempo lasaiak, hitz intimistak belarrira xuxurlatuak, dotorezia melodietan, emozioen alkimia…

Hitzak, ohiko kolaboratzaileenak dira oraingoan ere (Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Harkaitz Cano), gehi, aspaldiko partez, Iban Zaldua eta Angel Erro, eta, aurreneko aldiz, Iñigo Astiz.

Bertzalde, erran beharra dago musika guztiak Jabierrenak direla.

Irungo kantaria behin eta berriz errepikatzen ari den gisan, kulturarako garai ilun hauetan, ilusioa eta gogoari eusteko apustu kementsua da orain aurkezten duen Leiho bat zabalik hau.

Azkenik, esan, zuzenean Ander Mujika eta Jabier Muguruza arituko direla disko berria aurkezten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun