64 minutuko iraupenarekin, 2001eko urrian Himalayako Pumori mendiaren magalean elur-jausi batek harrapatu zituen bortz mendizale euskaldun gogorarazten ditu, Suku Maya gazte nepaldarraren istorioaren bitartez.
Sarrerak 5 euro balio ditu eta jasotako guztia SOS Himalaya Fundazioarentzako izanen da. Aldi berean, kultur etxeko sarreran SOS Himalayaren liburua erosi ahal izanen da. “Relatos solidarios” liburuak 30 alpinista baino gehiagoren testuak biltzen ditu, eta hemen jasotako guztia ere nepaldar herria laguntzen duen fundazioarentzat izanen da.
'Pumori, mendiaren alaba' filmak Aritz Artieda, Javier Arkauz eta César Nieto nafarren eta Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarren istorioa kontatzen du, bertze bortz gazte euskaldunekin batera Pumori mendira egiten ari ziren espedizioan hil zirenak, elur-jausi baten ondorioz. Urte baten ondotik, haien senitartekoak ezbeharra gertatu zen lekura joan ziren. Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arruek haien semea zen Beñatek haur nepaldar batekin ateratako argazki bat eraman zuten hura ezagutzeko asmoz. Gurrutxaga-Arrue familiak neskatxa aurkitu zuen, Suku Maya, sherpen hiriburua den Namche Bazar herritik hurbil, eta urtez urte berekin zuten lotura estutuz joan zen. Duela bi urte egindako bisita batean, haurra jada gaztetxo bat zelarik, osasun arazoak zituela ikusi zuten. Hurrengo urtean, tramite burokratiko guztien ondotik, gaztea Aizarnara ekarri zuten, Gipuzkoara, giltzurrunen gaitz batetik operatua izateko. Gaur egun, giltzurrun transplante baten zain dago Suku Maya.
Filmaren emanaldiaren aitzinetik Alex Txikonen mezu bat erakutsiko da, ezin izanen baitu ekitaldira etorri K-2 mendia neguan igotzen saiatzen ari delako.