Emauseko sortzaileak Urruña eta Bera arteko muga gainditu zuenekoa liburuxka batean bildu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 20a, 12:00
Liburuxka aurkezteko Altzaten izan ziren Jakintzako kideak, Ignacio Iraizozekin eta Patxi Iñigorekin batera.

1944an, Gestapotik ihesi, Frantziatik Algeriarako bidea egin behar izan zuen Abbé Pierre apaizak eta Berako Iraizoz okindegian hartu zuen ostatu 

Mundu osoan ezagun egin den Emaüs erakundeko sortzailea izan zen Abbé Pierre edo Pierre apaiza. Munduko bigarren gerla handiaren garaian, bere bila zebilen Gestapotik ihesi Frantziatik Algeriara joan zen eta bidean, Urruña eta Bera artean 1944ko maiatz-ekainean muga nola gainditu zuen azaltzen duen liburuxka argitara eman du Ziburuko Jakintza erakundeak, frantsesez eta euskaraz.

 

‘Pierre Apeza Espainiarat pasatzea bigarren gerla handian’ goiburupean argitaratu den liburua 8 eurotan salgai topa daiteke Beran ere, Agara eta Irene liburudendetan. Liburu horren aurkezpena egiteko urtarrilaren 17an Beran izan ziren Jakintza elkarteko kideak. Altzateko elizako apaiza den Patxi Iñigo eta Ignacio Iraizoz, 1944an Beran ostatu eman zioten okindegiko Javier Iraizoz eta Maria Jesus Oteizaren semea izan ziren aurkezpen horretan. Izan ere, Iraizoz okindegian aterpetu zen Abbé Pierre, Altzateko elizan eman zuen meza eta ondotik Guardia Zibilak atxilotu zuen. Maiatzaren 26tik ekainaren 6ra Irunen atxiki zuten, ekainaren 7an trenez igorri zuten Madrilerat eta ekainaren 14an Andaluziarako bidea hartu zuen, La Linea de la Concepcion herrira. Handik bi egunen burura, Ingalaterraren esku zegoen eta dagoen Gibraltarrera pasatu zen. Han ere, Beran bezala, meza eman zuen eta hegazkinez joan zen Algeriarat. 

Argitalpenean, Pierre apaizak Urruña eta Bera artean egin zuen bidearen berri ematen da, aitzinetik Dantxarinea aldean saiakera egin ondotik. Muga inguru guztia alemaniarrek zaindua zen eta hori gainditzeko, bi aldetako mugalarien laguntza ezinbertzekoa izan zuen Emauseko sortzaileak.

Aipatzekoa da 1983ko azaroan Berara bueltatu zela Abbé Pierre, ia 40 urte lehenago laguntza eman ziotenei eskerrak ematera. Javier Iraizozekin bildu zen eta Montxo Iturriza Zabala idazlea izan zen topaketa horren lekuko. 2002an ‘Larrunpean’ liburua idatzi zuen espainolez, Abbé Pierreren abentura haren berri emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun