300 lagunetik goitik parte hartu dute Berako XII. Mendi Egunean

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 14a, 11:32

Santa Barbarako binakako kronoigoeran 57 bikote eta hirukote atera ziren 

Arrakastatsua suertatu da aurten ere Berako Mendi Egunaren hamabigarren edizioa urtarrilaren 12an, Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi Taillon mendian hil zirela hamabigarren urteurrenean.

Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta ehun bat neska-mutikok parte hartu zuten, eskalada eta oreka ariketak eginez, rappel, boulder eta gisakoak. Arratsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia eta binakako kronoigoera egin ziren eta Manttaleko haurrek lasterka ere egin zuten.

Arratsaldeko 3etan abiatu ziren oinezko mendi ibilaldian parte hartu zuten 40 bat lagunek eta Larretagainera joan ziren, korrikalariak animatzera pasatzerakoan. Dena den, mendian goiti eta kaxkoan ere bertze hainbat lagun bildu ziren ikustera eta animatzera.

Helduen 5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 53 bikotek eta lau hirukotek hartu zuten parte. Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi.  Manttaleko korrikalari aunitz atera ziren proban. Ttikien 22 bikotek ere parte hartu zuten Garmendikobordatik helmugaraino egindako lasterketan, 

Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren. Jakina denez, Santa Barbarako Igoerarako nahiz mendi irteerarako izena emateko ez da deus ordaindu beharrik, baina behar bereziak dituzten familiak biltzen dituen Bortzirietako Guztiok taldearen aldeko kutxa ere jarri zuten, borondatez dirua eman nahi zuenarentzat. Talde honetako neska-mutikoek ere parte hartu zuten goizeko eskalada tailerrean.

 

Berako mendizaleen proiekzioak

Beranduago, jendez gainezka ageri zen Kultur Etxean, Manttaleko kide diren herriko mendizaleek egindako bi espedizioen berri eman zuten, proiekzio eta solasaldiaren bidez.

Lehenik eta behin Aurrepirinioetatik, Europako gailurrera proiektatu zuten, pasa den udan Ibai Iturria, Imanol Moreno eta Ugaitz Ado beratarrek eta Xabi Etxegarai lesakarrak Elbrus mendira, Europako mendirik altuenera, egindako igoera erakusten duen dokumentala. Laukoteak Elbrus nola koroatu zuen erakusten du dokumentalak, duela urte batzuk Pirinioetan hasita.

Horren ondotik Manaslu edo baloreen aukeraketa dokumentala eman zuten, Julen Errandonea beratarra eta Alberto Urtasun iruindarraren eskutik. Dokumentalean nola zortzimilaren gailurretik hurbil zeudenean bertze alpinista bat laguntzen geratu ziren erakusten dute, gailur egitea eragotzi ziena, baina, aldi berean, elkartasuna eta mendizaletasuna zer den erakutsiz.

Dokumentala ikusi ondotik, ikusleen galderak erantzun zituzten mendizaleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun