Euskadiko 680 kiloko txapela jantzi du Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 14a, 08:52

Beti Gazteko mutilek Euskadiko txapelketako lehen txapela lortu dute, 680 kilokoa.

Igandean, berriz, Zeberioko nazioarteko txapelketan ere bikain ibili zen Lesakako taldea eta bigarren izan zen gizonezkoen eta emakumezkoen probetan

Euskadiko sokatira txapelketa pisu astunenarekin, 680 kilokoarekin abiatu zen larunbatean Gernikan. Beti Gaztek ezustea eman eta txapela lortu zuen. Izan ere, normalean pisu arinagoetan moldatzen dira lesakarrak, baina aurten sasoiko daudela erakutsi zuten.

Beti Gazte txapeldunaren ondotik Ibarra (Gipuzkoa), Murueta (Bizkaia), Zuraide (Lapurdi), Ñapurrak (Lapurdi) eta 6 Conceyos (Asturias) sailkatu ziren.

Beti Gazte zortziko honekin lehiatu zen 680 kiloko txapelketan: Karmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea, Pascual Taberna erakusle zutela.

 

Nazioarteko txapelketa Zeberion

Larunbateko txapelaren ondotik, igandean Nazioarteko sokatira txapelketan parte hartu zuten Beti Gazteko tiralariek, mutilek, neskek, nahiz talde mistoak eta emaitza ederrak lortu zituzten.

Proba nagusian, gizonezkoen 640 kilokoan, Holandako Monnickendam suertatu zen irabazle, tiraldi guztiak irabazita. Bigarren Beti Gazte izan zen eta hirugarren Gaztedi. Emakumezkoetan, 520 kilotan, Gaztedi izan zen irabazle, Beti Gazte bigarren eta Txantrea hirugarren. 600 kiloko txapelketa mistoan, azkenik, Gaztedi nagusitu zen eta gazte mailan Goiherri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun