Iluntzean, lo-zakuetara sartu aitzineko tartea polita izaten zen. Arbazta batzuk bildu, toki xelai samar bat bilatu, hantxe sua biztu, eta denak inguruan jartzen ginen, borobila eginez. Orain ahantziak ditudan josteta eta txorakerietan ibiliko ginen segur aski, baina badira bertze kontu batzuk nire baitako nonbait betikoz josiak gelditu zaizkidanak. Josuk gitarra hartu, eta kantatu egiten zigun. Orduan ikasirik, oraindik ere noiznahi gustatzen zait Gallo negro, gallo rojo kantatzea. Berezia zen Débil luz en la vega… hasten zena, Río Bravo filmean Dean Martinek kantatzen duen My rifle, my pony and me ederraren gaztelaniazko bertsioa. Hirugarren bat ere aipatuko nuke, O benuno, Afrikako erdialdeko herri kanta ezaguna bide dena.
Urte haietan, Legia karrikan Lagun Etxea soziedade gisakoa plantatu zuen elizak. Etxe haren gibeleko partean, baratzera ematen zuen beheitian, txoko polit bat prestatu genuen ibilaldi haietan juntatzen ginenek. Ez dakit gerora zer pasatu zen bi biltoki haiekin.
Gauza aunitz konta daitezke joan berria zaigun Josuz, hildako guziez bezala, alde eta kontra, inork ez baitugu denen gustuko musika jotzen: bakoitxak zer bizitu genuen harekin, nolako harremana izan zen, harengandik harturiko ona gailentzen den edo hark eraginiko hondar samina sentitzen ote dugun. Zeren, ez baita ukatzen ahal, alafedea, ez zela geldirik egoteko jaio eta saiatu zela bere seinalea uztera herrian eta inguratzen zuen jendearen baitan.
Niri gaxte denborako esperientzia haiek etorri zitzaizkidan burutara, hain zuzen ere, urriaren 22an, eliza barrenean ginela gure amaren aldeko hileta mezan. Beti bezala, Josu organista aritu zen. Berako abesbatzak zoragarri lagundu zion. Halako batean, a capella hasi zen bera bakarrik. Ezagun zuen ezongi zegoela, boza kraskatua atera baitzitzaion, baina sentimendu betea adierazten zuen. Despedidako kanta bat zen, 'Agur' erraten zion gure hilari. Hala ulertu genion. Ez ginen ohartu denoi ari zitzaigula 'adio' erraten. Handik hamabi egunetara hil zen bera. Dagoen tokian dagoela, ariko da, dudarik ez dut egiten, gitarraren sokei kilika egiten eta kantari.