«Taldearen musika diskora eraman dugu»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 13a, 13:00

JOSEBA IRAZOKI, Berako musikaria

Azaroan Zu al zara? diskoa kaleratu zuen beratarrak lagunekin eta horixe izan du hizpide Ttipi-Ttaparekin. Baina horrekin batera, oro har, euskal musikagintza nola ikusten duen ere kontatu digu. «Proposamen interesgarriak» badirela erran digu eta «bizirik» ikusten du euskal musikagintza. «Azken urteotan euskarazko edozein musika estilo topa daiteke». Hala ere, onartu duenez, «ez da lanbide erraza».

Bere garaian irakaskuntza izan zuen ogibide, eta musika afizio. Baina azken hamar urteotan afizioa ofizio bilakatua du Joseba Irazoki beratarrak. Musikatik bizi da, nahiz eta «hagitz zaila» dela onartu, «beti segurtasunik gabe eta soka gainean gabiltzalako». Baina gustuko tokian maldarik ez: «ez da erraza, baina gustukoa dudanez, hor segituko dut. Hori da egin nahi dudana».

Hainbertze maite duen pasio horri tiraka ibilbide luzea egiten ari da musikagintzan. Dagoeneko hamar bat disko argitaratu izanen ditu, «abestutakoak sei-zazpi, instrumentalak bi, inpromisatutako disko pare bat...». Bere lanetan azkena Zu al zara? izan da, azaroan argitaratua, eta «lagunekin atera dudan bigarren diskoa». 12 kantako lanarekin «gustura» gelditu da: «beti egoten dira buruhausteak, baina orokorrean, buruan genuena nahiko ongi islatua gelditu da». Azaldu digunez, «lau urte baditugu elkarrekin jotzen eta taldeko soinua lortu dugula uste dut. Oraingoan gure musika hori diskora eraman dugu». Gainerakoan, azken laneko musika «rockeroagoa» dela azaldu digu beratarrak, «kanta mugituak» direla. Eta hitzei dagokienez, «buruhauste pertsonalak eta gai sozialak» landu dituzte.

Kontzertuz kontzertu
«2019a kontzertuak eskainiz pasatuko dut». Horixe baieztatu digu. «Azken diskoa aurkezteko, urtarrilerako, otsailerako eta martxorako kontzertu batzuk lotu ditugu». Baina ez da horretara mugatuko: «Nacho Vegas musikari asturiarrarekin estatu mailan bira bat egiten ari naiz». Eta gehiago ere bai: «Rafa Berriorekin disko bat grabatu dut eta horrekin kontzerturen bat edo eginen dugula pentsatzen dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun