«Urteetan gordetakoa kaleratzen hasi naiz»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 13a, 12:00

MARIANGELES ZUGARRAMURDI, Arantzako musikaria

«Euskal Herrian betitik musikagintzarako zaletasun haundia» izan dela dio sortzez aranztarra baina Irunen bizi den musikariak. «Arlo horretan kultura handiko herria» delakoan dago. Baina «horrek iraun dezan, gizartearen zati batek aldatu» behar duela dio: «pirateatzearen ohitura baztertuz, gure kultura musikaren bidetik ezagutzera eman eta zabaltzeko aukera izan dezagun». Horrekin batera, bere proiektuaz solas egin du Ttipi-Ttaparekin.

«Betitik izan dut melodia eta letrak sortzeko ahalmena», baina «urteetan etxean gordeta» izan ditu bere sormen lanak. Orain, ordea, «pauso bat eman» eta ereindako lana kanpora ateratzen hasi da Maria Angeles Zugarramurdi. Berea «proiektu zabal eta luzea» dela azaldu digu, «gizaki baten sorreratik hasi eta nerabezarora bitarteko etapak» biltzen dituena. Eta egitasmo horren lehenbiziko uzta bilduz urte hondarrean Zilbor Hestetik Bihotz Hestera diskoa kaleratu zuen. «Bi zelula elkartuta bizi berri bat sortzen denetik hasi eta eskolan hasi bitarteko garaia» kantu bidez bildu du diskoan. «Hasieran, 13 haur-kantako lana plazaratu nuen. Gero, Durangoko Azokari begira, 36 kantako CD bikoitza prestatu nuen». Lehenbiziko diskoko kantak bigarrenean ere sartu ditu, «baina ukitu batzuk emanda».


Berak sortu eta berak kantatu. Halaxe osatu du diskoa, «denetariko gaiak» landuz: «zelulen elkartzea, haurdunaldia, zilbor-hestea, sehaska-kantak, hortzen garaia, guraso eta haurren arteko emozioak eta komunikazioa...». Familia, lagun eta ezagunen bizipenetan oinarritu omen da, baina «Oiartz, Aiur eta Elaia nire bilobak izan dira inspirazio-iturri».


Emaitzarekin kontent gelditu bada ere, bidea «zaila» izan dela aitortu digu, hala nola, «bakarrik kantatzen dudan lehenbiziko aldia» izan delako. «Desgastea» ere aipatu digu: «orduak pasatu ditut lanean, horrek dakarren ondorio fisiko eta psikologikoarekin, baina hori kontatu gabe, nire gisara ari naiz dena ateratzen eta disko bat ateratzea ikaragarri kostatzen da».


«Pena» hartuko omen luke «36 horiekin geldituta, pilaka ditudalako konposatuak». Eta argi mintzatu da: «hurrengo kanta multzoa eskolan hasten den garaiari lotua izanen litzateke. Horiek kaleratzeko laguntza banu...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun