«Orain arte egin ditudan disko guztien arteko nahasketa ttiki bat da». Halaxe aurkeztu digu Pettik Bonberenea Zuzenean bere hamabigarren eta azken lana. Joan den urrian Tolosako Bonberenean zuzenean grabatu zuen eta abenduaren 3an atera zuen kalera. Azaldu digunez, duela hamar urte «zuzenekoan eta akustikoan» atera zuen Awañak diskoaren «ildo berekoa» da. Oholtza gainean eskainitako kantuen artean, «kuttunenak» aukeratu ditu, «baina bertze era batera landuak; akustikora pasatu ditut». Horietako batzuetan, trikitixa ere sartu du eta bi kanta ere sortu ditu, baita Manolo Urbietaren bertsio bat egin ere. Hala osatu du 14 abestiko diskoa. «Denbora faltak» prestaketa «mugatu» diola onartu digun arren, «gustura» gelditu da emaitzarekin. Are gehiago, bere lehenbiziko lanetik azken honetara garapena sumatu duela kontatu digu: «denborarekin diskoak eginez eta kontzertuak eskainiz ikasi egiten da. Bai gitarra jotzerakoan eta bai kantatzerakoan ere, lasaitasun haundiagoa sentitzen dut». Hala ere, «zuzenekoak egunaren araberakoak» izaten direla gaineratu digu.
Urte berrian sartuta ez du geldirik egoteko asmorik. Hasteko, «Bonberenea Zuzenean diskoa aurkeztu» nahi du eta horrez gain, «estudioko bertze diskoarekin lanean» hasteko asmoa du. «Erdi prestatua» duela adierazi du, «eta espero dut 2019 bukaerarako izatea, nahiz eta ezin dudan ziur erran». Hori bai, «disko diferentea» egin nahi duela aitzineratu digu, «musika-tresna gehiago erabiliz», hala nola, «soka musika-tresnak: bibolina, txeloa...». Gainerakoan, «aitzineko lanekin konparatuz, nahiko akustikoa eta lasaiagoa» izanen dela dio. Bitartean, esku artean dugun zuzeneko uztarekin gozatzeko aukera izanen dugu.