Zeberioko Nazioarteko sokatira txapelketa urtarrilaren 13an jokatuko da

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 10a, 09:30
Beti Gazteko talde mistoa ere lehiatuko da igandean Zeberioko Nazioarteko txapelketan.

Euskal Herriko taldeekin batera, Eskozia eta Holandakoak espero dituzte

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketa abiatu eta biharamunean, igandean jokatuko dute Zeberion (Bizkaia) Nazioarteko sokatira txapelketa. Euskal Herriko taldeekin batera (tartean Beti Gazteko gizasemeak, emakumeak eta talde mistoa), Eskozia eta Holandakoak ere lehiatuko dira.

 

Txapelketa igande goizeko 10etan hasiko da, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 520 kiloko txapelketekin. Gizonezkoetan hamaika talde lehiatuko dira pisu honetan (Beti Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoain Nafarroatik, Ñapurrak eta Zuraide Lapurditik, Gaztedi eta Murueta Bizkaiatik, Ibarra gipuzkoarra eta Eskoziako Ayrshire eta Holandako Monnickendam) eta emakumezkoetan zazpi (Beti Gazte, Antsoain eta Txantrea nafarrak, Arabako Badaiotz, Bizkaiko Gaztedi, Gipuzkoako Ibarra eta Holandako Monnickendam).

Pisu horietan bukatu ondotik, 600 kiloko txapelketa mistoa jokatuko da. Hemen, zortzi talde lehiatuko dira: Nafarroako Beti Gazte, Antsoain eta Berriozar, Arabako Bizindar, Bizkaiko Gaztedi, Gipuzkoako Ibarra, Eskoziako Ayrshire eta Holandako Monnickendam.

Gazteen txapelketa ere jokatuko da, baina hemen ez da Beti Gazteren ordezkaritzarik izanen. Nafarroako Antsoain, Berriozar eta Txantrea eta Bizkaiko Gaztedi, Gernika, Goiherri eta Iurreta ariko dira.

Pisu guztietan finalerdiak, hirugarren eta laugarren posturako tiraldiak eta finalak jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun