Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketa urtarrilaren 12an abiatuko da Gernikan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 9a, 11:13
Iaz, Euskadiko txapeldun izan zen Beti Gazte 640 eta 600 kiloko kategorietan eta txapeldun orde 560 kilokoan. Dominen lehian biltzea espero dute aurten ere lesakarrek.

Gizonezkoen 680 kiloko txapela erabakiko da jardunaldi bakarrean eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra 

Urtarrilaren 12n, larunbat arratsaldeko 5etan hasiko da Gernikako Jai Alai pilotalekuan Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketa. Egun horretan, gizonezkoak 680 kilotan lehiatuko dira, jardunaldi bakarrean. Lesakako Beti gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra.

Lesakarrekin batera, bertze sei talde lehiatuko dira larunbatean Gernikan: Txantrea nafarrak, Murueta bizkaitarrak, Ibarra gipuzkoarrak, Ñapurrak eta Zuraide lapurtarrak eta 6 Conceyos asturiarrak. Denak denen kontra ariko dira.

Ondotik, urtarrilaren 20tik martxoaren 9ra jokatuko dituzte bertze kategorietako txapelketak. Lehenik, gizonezkoak 640 kilotan eta emakumezkoak 540 kilotan ariko dira; ondotik, gizasemeak 600 kilotan eta emakumeak 500 kilotan; bukatzeko, martxoaren 2an gizonezkoak 560 kiloko saio bakarrean ariko dira Laukizen (Bizkaia) eta martxoaren 9an Gabirian (Gipuzkoa) txapelketa mistoa jokatuko da, 580 kiloko kategorian.

Beti Gaztek kategoria guztietan aurkeztuko du zortzikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun