Lesakako Linddurrenborda sagardotegian irekiko dute Nafarroako txotx denboraldia urtarrilaren 11n

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 9a, 07:59
Larretxea anaiak eta Juan Mari Lopez, 2014ko txotx denboraldiaren irekieran Linddurrenbordan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Nafarroako Dolarea elkarteko sagardotegiek 250.000 bat litro sagardo kupeleratu dituzte

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian irekiko da ortziralean, urtarrilaren 11n, 2019ko txotxeko sagardotegi denboraldia. 14:00 aldera eginen da ekitaldi ofiziala. Lehendik ere hirutan ireki da Nafarroako sagardotegi denboraldi ofiziala Linddurrenbordan. 2006. urtean Andoni Egaña bertsolariak ireki zuen eta 2010ean Sebastien Gonzalez pilotari azkaindarrak. 2014an Donato eta Patxi Larretxea anaiak arduratu ziren txotxa irekitzeaz. Aurten, ikusi beharko zein den lehen sagardo berria dastatzeaz arduratuko dena.

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, 23-25.000 litro inguru egin dituztela aipatu digu Juan Mari Lopez nagusiak, «joan den urtean baino guttixeago». Normalean etxeko sagarrarekin moldatzen bada ere, aurtengoa sagar urtea izan ez denez, «etxekoak, Arantzatik eta Oiartzundik ekarritakoak eta Donibane Garazitik ekarritakoak ere erabili ditugu».  Egurrezko kupelen bat baldin badute ere, Linddurrenbordako gehienak altzairu erdoilezinekoak dira: “Garbitzerako orduan erosoagoak dira. Poliesterrekoak ere gero eta zabalduagoak daude, bi geruza dituztenez kondentsazio guttiago egiten zaie, baina horietatik ere bakarra daukagu gurean», aipatu digu Linddurrenbordako nagusiak.

Lesakako Linddurrenbordak, Lekarozko Larraldeak, Berueteko Behetxoneak, Aldazko Martitxoneak eta Lekunberriko Toki-Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun