Euskara-Lege berria eskatu dio Berako Udalak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 8a, 14:51
Berako udalbatzako kideak.

Nafarroako Gobernuari euskara-lege berria era dezan eskatu dio Berako Udalak, «oinarri sendoak izanen dituena, herritar ororen hizkuntza-eskubideak berdintasunean bermatuko dituena eta, euskara Nafarroa osoan ofizial izanik, gizartearen kohesioa bermatuko duena hizkuntzari etorkizun hobea eskainiz».  Aldeko 10 boturekin eta UPNko zinegotziaren abstentzioarekin onartutako mozio hau Euskarabideari, Kontseiluari eta Nafarroako talde parlamentario guztiei helaraziko zaie.

Mozioak azaltzen duenez, «urtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, Nafarroan, eta lurraldearen zati handi batean eskubideen aitortza eza. Horrela, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru- belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara, gehiegitan. Hizkuntza-eskubideak herritarren oinarrizko eskubideak dira, baina Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei. Euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez zaio aitortzen herritarrari. Alde batetik, gizarte kohesioaren aurka egiten du, tentsioak eraginez eta pertsonei bizimodua zailduz, bertzetik irudi txarra zabaltzen du gutaz, bazterkeria legez jasota duen komunitate bat aurkeztuz eta, azkenik, ez du euskararen garapena ahalbidetzen. Ez da dinamikoa, ez da gizartearen euskalduntzearekin batera eguneratu».

 

Euskararen Lege berria egiteko aukera

Zailtasunak zailtasun, Berako Udalak onartutako idatziak dioenez, «herritarron nahiak eta lanak ekarri gaituzte gauden tokira, eta euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat. Aurten, euskararen garapenaren aldeko aukera leiho bat zabaldu da Nafarroako Parlamentuan, Euskararen Lege berria egiteko ponentziaren bidez. Horregatik, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu behar du Nafarroako gizarteak, lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki aitortu eta berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun