N-121A inguruan irteera edo helmuga ez duten merkantzia garraioak bertze errepideetatik joatea eskatu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 6a, 09:38
Trafiko astuna Belatetik ez pasatzeko iaz egindako mobilizazioetako bat.

2002an egunero 950 kamioi ibiltzen ziren Belateko tuneletik eta gaur egun 3.000

N-121-A errepide inguruan irteera edo helmuga ez duten merkantzien garraioa bertze errepide alternatiboetatik joateko nerruak hartzea eta behar diren hitzarmenak egitea eskatu dio Berako Udalak Nafarroako Gobernuari. Gisa horretako neurriak hartu dituzte Errioxako eta Kataluniako administrazio publikoek ibiolgailu astunen proportzioa handia den errepide nazionaletan (N-232, N-11, N-240 eta N-340). 

Mozio honen alde bozkatu zuten 10 zinegotzik (EH Bilduko 6, Herrirako 3 eta UPNkoak eta abstentziora jo zuen Herrirako taldeko bertze batek.

 

Segurtasuna da argudio nagusia

Mozioa onartzeko emandako argudioak dagokienez, N-121A errepidetik eta tuneletik pasatzen den ibilgailu astunen kopurua oso handia dela azpimarratu zen, «horrek arrisku nabarmena eragiten du errepideko erabiltzaileentzat eta eskualdeko herritarrentzat». 

Tuneletako segurtasun neurriak ez direla nahikoak ere uste du Berako Udalak. «Azken 5 hilabeteetan Almandoz eta Belateko tuneletan lanak egin diren arren, itxiera baino lehenago bezala, kamioi kopurua etengabe igotzen baldin badoa, tunel hauen arrisku maila handituko da. Tuneletan egindako lanek apenas dute eraginik izan arrisku faktorerik handiena konpontzeko, ibilgailu astunek su hartzea, eta, hori gertatzekotan, bertan dauden pertsonen biziraupena bermatzea (egindako ekintzak ez dira Gutxieneko segurtasunari buruzko 2004/54 Europako zuzentarauan zehazten direnak, gobernuak interpretatzen duen bezala)».

Suteek sortzen dituzten ke eta gas toxikoak ez badira tunel barrutik behar bezala eta azkar husten, bertan dauden pertsonak arrisku larrian egonen dira, ikusgarritasun faltagatik eta gasek laster batean asfixia eragiten dutelako, beraz, tunelak ahalik eta azkarren hustu behar dira. Sua itzaltzeko zerbitzuen erantzun azkarrik gabe, 2 tuneletako egungo aireztapen sistema ez da gai ibilgailu astun bateko suteko gasak kanporatzeko, barruan dauden pertsonak kaltetuta atera gabe. Tunel hauek ez dute larrialdi irteerarik erabiltzaileak modu azkar eta seguruan bertatik ateratzeko.

2015ean Belate eta Almandozko tuneletako arrisku analisia egin zen eta zehaztu zen bi tunel hauek azkeneko kategorian sartzen zirela, hau da, «arrisku handiko tunelak, ez dira segurutzat hartuko eta neurri osagarriak  hartu beharko dira segurtasuna handitzeko eta zerbitzua ematen jarraitzeko».

Analisiek, oraindik ere, emaitza okerragoak ematen ahal zituen zenbait aspektu astungarri kontuan hartu izan balira, adibidez, ibilgailu astunen suteen edo sute-hasieren maiztasuna, horrelako egoeretan erabiltzaileek hartu beharreko jokabideen berri ematen duten kanpainarik ez izatea, neguan merkantzia arriskutsuen garraioa inolako neurri gehigarririk gabe, edo eguneratutako larrialdi planik ez egotea.

Aunitz dira egunero tuneletatik pasatzen diren ibilgailu astunak (2.100 kamioi inguru 2014an), ondorioz suteak egon litezke. Analisi horietan sute arriskua gutxitzeko faktore nagusia epe motzean ibilgailu astunen trafikoa gutxitzea zela adierazi zuten.

Irteera edo helmuga N-121A errepidean ez duten ibilgailu astunen desbideratzearen ikerketa eginda (1.200 kamioi inguru Nafarroako Gobernuaren estimazio baten arabera), ondorioztatzen da arrisku maila jaitsiko litzatekeela, Almandozko tunelean maila onargarri batera eta Belateko tunelean maila onargarri batetik hurbil.

2016ko ekainean 31 udalek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten presazko neurriak hartzeko probatuta dagoen arrisku maila jaisteko. Gobernuak ez zuen inolako neurririk hartu, nahiz eta analisi horiek ezagutu.

Tuneletako arrisku maila hazi da. 2018an, ibilgailu astunen bolumena %50 igo da 2014tik; hau da, 2015ean egindako analisian baino 1.000 kamioi gehiago pasatzen ziren. Adierazle horrek, zalantzarik gabe, txosten horietan estimatzen den arrisku maila handitzen du.

2018ko martxoaren 5etik 9ra, egunero 9.000 ibilgailu pasa ziren tuneletatik, horietatik ia 3.500 ibilgailu astunak ziren, %40. Estimatzen da ibilgailu astun horien %70, 2.500 inguru, nazioarteko ibilbidea egiten dutela; hau da, N-121A errepideko eskualdean ez dute ez irteerarik ezta helmugarik ere.

Larrialdi zerbitzuen eraginkortasun eza eta arriskua ere gogoratzen du mozioak: «Hurbilen dagoen suhiltzaileen parkea (Oronoz-Mugairin) oso urruti dago tuneletan ibilgailu astun baten sutea itzaltzeko eraginkorra izateko eta ezbeharrean inplikatuta dauden pertsonak erreskatatzeko. Eraginkortasuna ez da beharko litzatekeena; izan ere, erantzuna emateko denbora ez da egokia, lan hauetarako langileen formazioa ez da beharko litzatekeena eta dituzten ibilgailuak ere ez dira aproposenak.  Suteren bat baldin badago, Belateko Kontrol Zentroak ez du esku-hartzeko edo sua itzaltzeko gaitasunik».

Ondorioz, erabiltzaileak sutean inplikatuta ikusiko dira eta kanpoko laguntza teknikorik gabe, beraz, bere kabuz erabaki beharko dute zer egin babesteko.

Tuneletan gertatzen den bezala, N-121A bi noranzko errepidea denez, istripuak gertatzeko probabilitatea handiagoa da, errepidea edo tunelak noranzko bakarrekoa denean baino; hau da noranzko bakarreko zirkulazioa eta zentzu baten eta bestearen artean bereizketa fisikoa duten errepideak (autopistak edo autobideak).

Istripu larrienak, portzentaje altu batean, N-121A bezalako bi noranzko dituzten errepideetan gertatzen dira, aurrez aurreko talkak egoten direlako. Istripu hauetako gertaerarik latzenak tartean ibilgailu astunak daudenean ematen dira. Hori argi geratzen da N-121A errepidean. 10 hilabetetan (2017ko ekainetik 2018ko apirilera), 10 pertsona hil dira, 12 zauritu larri egon dira eta bertze hainbat arinago zauritu dira. 10 heriotza horietatik 8tan (%80) aurrez aurreko talkak gertatu ziren eta hildakoak egon diren istripuen %70ean ibilgailu astunak egon dira tartean. Ibilgailu astun hauetako gidariak ere biktima izan dira: 2 hildako eta beste 4 larri zauritu.

Balantze honek, hala ere, ez du N-121A errepidearen egoeraren larritasuna erabat adierazten. Kontuan hartu behar dira artikulatutako ibilgailu astunek izandako beste 6 istripu larri aipatutako epearen azken 4 hilabeteetan: 3 kasutan artazia egin eta irauli dira ibilgailuak, beste 3 kasutan tuneleko ikusgarritasuna galdu zen Belateko tunelean kamioien turbo-motoreen matxurak eragindako kearengatik.

Epe berean, A-15 autobidean ez da inolako istripu hilgarririk gertatu eta ez da istripu adierazgarririk egon. Kontuan hartu behar da zirkulazio bolumen handiagoa duela eta noranzko bakarreko errepidea dela, N-121A errepidetik paraleloan doa eta honen alternatiba da.

A15 errepidea bikoiztuta dagoen errepidea da, gaitasun handiagoa du trafikoa hartzeko eta seguruagoa da. Europarekin garraio lotura egiteko diseinatu eta proiektatu zen. A-15 errepidean gero eta kamioi gutxiago ibiltzen da, 2002an egunero 2.500 kamioi ibiltzen ziren eta 2017an 1.400. N-121A errepidean, ordea, kamioi kopurua handitzen doa, 2002an egunero 950 kamioi ibiltzen ziren, gaur egun 3000 (A-15eko datuak Gorosmendi tunelekoak, eta N-121A errepidekoak Belateko tunelekoak).

Krisialdi ekonomikoak eta merkantzien garraioari A-15 eta AP-8an jarri zaizkion gain-kostuek zer ikusi handia dute azken urte hauetan ibilgailu astunek egin duten errepide aldaketan.

Gaur egun, Nafarroan heriotza gehien dagoen errepidea N-121A errepidea da, nahiz eta 66 kilometroko ibilbide motza duen eta hainbat hobekuntza egin diren.

Errepide honetan, azken 25 urteetan 180 heriotza baino gehiago egon dira eta kontaezinak dira zauritutako pertsonak.

N-121A errepidea ibilgailu astunez gainezka dago eta honek errepidearen segurtasunari eta trafiko-jarioari ez dio inolako mesederik egiten. Kamioi gehienek nazioarteko garraioa egiten dute, eta horrek eskualdean eragin ekonomiko gutxi du (salbu, sektore oso konkretu batzuetan, esaterako gasolindegiak). Eta eragin ekonomiko hori ez da inola ere konparagarria eta konpentsagarria segurtasun falta eta istripu kopurua handitzearekin.

A-15 errepideko bidesarien gain-kostua da nazioarteko garraioak N-121A errepidea aukeratzeko arrazoi nagusia. Ondorioz, Nafarroako Gobernuari dagokio behar diren neurriak hartzea eta behar diren hitzarmenak egitea N-121A errepideko istripu kopurua jausteko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun