Lan eskubideei buruzko tailer interesgarria egin dute Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 4a, 07:27
Lan arloaren inguruko hainbat kezka azaldu zituzten gazteek.

Lesakako Ernaik antolatuta, eskualdeko LAB sindikatuko arduraduna aritu zen solasean

Iragarri bezala, Lesakako Ernaik antolatuta, lan eskubideei buruzko tailerra egin zuten urtarrilaren 3an, ortzegun arratsaldean Berako Espidobaita elkartean. Hamar bat lagun elkartu ziren, eta LABeko eskualdeko arduradunaren eskutik lana eta enpleguari buruzko kezkak argitu ahal izan zituzten gazteek: kontratu motak, kaleratzeak, soldatak, opor egunak, beltzean egindako lanak... «Mila galdera argitu ditugu eta hagitz interesgarria izan da», aipatu dute.

Lesakako Ernaik eskerrak eman nahi dizkio LABeko kideari tailerra eskaintzeagatik, eta, bidenabar, «eskualdeko eta Euskal Herriko gazteei deia egin nahi diegu Euskal Herrian Bizi (#EHBizi) kanpainaren barrenean antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko». Bertzeak bertze, heldu den otsailaren 16an manifestazio nazionala eginen dute Bilbon 'Prekarietateari ateak itxi' lelopean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun