Mendiko botekin eta gala-jantziekin bukatu ditu borzgarren urteurreneko ospakizunak Elutxa txarangak

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 3a, 16:39
Ehun bat lagun bildu zituen Elutxa txarangak Kasinoko gala-afarian.

Kasinoko Josefina Sagardiari ere omenaldi ttiki bat egin zioten abenduaren 29an 

2018. urte osoan borzgarren urteurreneko ospakizunak egin ditu Lesakako Elutxa txarangak. Horiek borobiltzeko, abenduaren 29an Elutxa mendira ateraldia eta gala-afaria egin zuten Kasinoan. Josefina Sagardia ere omendu zuten.

Eguna hasteko, goizez txarangari izena ematen dion Elutxara mendi irteera egin zuten 30 bat lagunek. Txarangak eskainitako hamaiketakoa eta musika izan zuten bertan, tartean Amaia Telletxeak konposatutako Elutxa kanta.

Arratsaldez, berriz, Kasinoan bildu ziren hainbat lagun, beraien jantzi dotoreneekin, afarirako “etiketaz” janztea eskatu baitzuen Elutxa txarangak. Herrian barna poteoa egin ondotik, koktela photocall-ekin eta zuzeneko musika izan zuten Kasinoan. Musika jotzen talde berezi bat izan zen eta lehenbiziko pieza, Javier Igoak Kasinoko Josefina Sagardiari konposatutako Josefina bonita izan zen, musika laguntzeko egin duen lana eskertuz. Lore-xorta, esker-eskutitza eta kanta horren gidoia jaso zituen Josefinak. Ondotik, ehun bat lagun bildu ziren afarian. Afalondoan, Javier Igoa eta Xalbador Madariaga musikariek kontzertua eskaini zuten.

 

Urte osoko ospakizunak

Erran bezala, borzgarren urteurrena ederki ospatu du Elutxa txarangak 2018an. Eskailerako afariekin hasi ziren, saskia zozketatu zuten, akordeoilarien kontrako furbol desafioa jokatu zuten, sagardotegian bazkaldu, Beti Gazteko lerro-dantzen taldearekin batera musika eta dantza ikuskizuna eskaini zuten, erraldoien topaketa ere egin zuten irailean eta bukatzeko, gala-afaria. Elutxa txarangako kideak gustora gelditu dira urteak emandakoarekin, aitzinera segitzeko gogoekin daude eta bere ibilbidean izan duten babes guztia eskertu nahi izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun